Bi urtez bada ere, udala barrutik ezagutzeko aukera izan zuen Silvia Moneok (Belauntza,1994). Azken agintaldia Mariano Lazkano alkateak hasi zuen, eta bere heriotzaren ondotik sartu zen Moneo alkatetzara, 2016ko abenduan.
Alkatetza hartu duzu berriro ere. Zer dela eta?
Pare bat gai bukatu gabe zeuden aurreko agintalditik, eta ez nituen ahaztuta utzi nahi. Alde batetik, etxebizitzen gaia zegoen eta herri honek etxebizitza berriak behar dituela oso nabarmena da. Azkenak, duela 20 urte eraiki baitziren. Alde horretatik, bi proiektu geneuzkan jorratuta, eta pena ematen zidan horiek ez bukatzea. Hori eta beste arrazoi batzuk tarteko, jarraitzea erabaki nuen.
Aurreko agintaldian bi urtez izan zinen alkate. Nola baloratzen duzu etapa hori?
Gogorra izan da. Asko ikasi behar izan dut, eta oraindik ere badaukat ikasteko. Alkatetza kargua, literalki, gauetik goizera hartu behar izatea ez da inork espero duen zerbait. Bere garaian alkateorde ni jartzea Marianoren hautua izan zen, beti pentsatzen dut zerbaitengatik egin izango zuela, eta horrek animatu egiten nau.
Aurrera begira zein proiektu nagusi dituzue eskuartean?
Nagusiena etxebizitzen proiektua da, beharrezkoena dela iruditzen zaigulako. Gazte batek herrian bertan geratzeko lekurik ez dauka gaur egun; baserriak oso handiak dira eta etxebizitza asko ere handiak dira.
Zein da asmoa?
Ikastola zaharrean lau etxebizitza egiteko asmoa daukagu, erosoagoak izango direnak gazteentzat. Gero, beste eremu bat ere badugu eraikigarria dena; eremu hori Otegi eraikuntzak enpresarena da, eta tramitazioekin gabiltza, ea baimen guztiak edukitzea lortzen dugun eta obra lanekin hasten garen. Proiektu horietan etxebizitza berriak izango ditugu, jende berria izango dugu herrian eta bertakoek aukera izango dute etxe bat erosteko.
Herritarrek badute interesa etxebizitzak erosteko?
Orokorrean, badakigu badaudela herritar batzuk interesa dutenak. Ikastola zaharreko eraikina enkantera aterako dugu, eta gero, promotore batek edo kooperatiba batek hartuko du. Horraino behintzat bideratuta utziko ditugu, eta ondoren, ikusi egin behar.
Beste proiekturik baduzue buruan?
Herriko plaza txukuntzea, batetik. Kontua da, parean dagoen lur eremuan etxebizitzak egiteko hirugarren proiektu baten aukera dagoela. Berez, gure aurrekontuak ez du ematen plaza konpontzeko adina, eta etxebizitzak egiteko lur eremua erosten duen horrek karga bat izango luke eta, horrekin, plaza konponduko genuke. Haurrentzako parkea pixka bat zabaldu nahi dugu.
Bestetik, udaletxea ere irisgarriagoa egiten saiatuko gara. Obra handia izango litzateke, beraz, proiektua lantzen hasiko gara, beharrak ikusi eta nola enfokatu ikusteko. Horrek, ordea, ez du esan nahi obra agintaldi honetan egingo denik.
Bestalde, ekitaldi kulturalei indar handiago eman nahi diegu; herritarrak gehiago elkartzeko aitzakia bat izatea nahi dugu.
Herritarrak gehiago elkartze hori faltan botatzen duzu?
Lanagatik dela, eskolagatik dela, herritar asko lotara bakarrik etortzen dira. Gainera, ostatua ere itxita daukagu eta hori ere antzeman egiten da. Ostatua hartu ahal izateko agiriak esposizio publikoan daude dagoeneko, eta ea norbait aurkezten den, jarraipen bat eman eta agian beste modu batera enfokatzeko.