Gure Txokoaren plan bereziari hasierako onespena eman diote

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 10a, 11:58

Belauntzako Beotibar auzoko lurzorua kontsolidatzeko pausoak ematen hasi da udala; Hiri Antolamenduko Plan Bereziko agiriak udal bulegoetan jarriko dituzte ikusgai.

Belauntzako Udalak Gure Txokoa Hiri Antolamenduko Plan Bereziari hasierako onespena eman dio azken osoko bilkuran, baita dagokion ingurumen azterlan estrategikoari ere. Horrela, 45 eguneko epean jendaurrean jarriko dute Belauntzako udaletxeko bulegoetan, alegazio, iradokizun eta erreklamazioak aurkeztu nahi dituenarentzat.

2015ean onartu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra Belauntzan. Plan horretan, Gure Txokoako eremua kontsolidatu gabeko lurzoru gisa sailkatua izan zen, eta Hiri Antolamenduko Plan Berezi baten bidez hura garatzeko premia ikusi zuten, dagozkion hirigintza ezaugarriak hobetze aldera. Hori horrela, plan berezia martxan da dagoeneko, eta lehen onarpena jasoa du.

Gure Txokoa Belauntzatik Berrobirako bidean dagoen Beotibar auzoan dago kokatuta, Zelai errekaren bi ertzetan, eta 5,38 hektarea ditu.

Plan bereziaren arabera, eremuaren antolamendu berriak gaur egun dauden lurzati industrialak kontsolidatzea ekarriko du. Era berean, antolamendutik kanpo jotzen direnak eraistea da asmoa, ibaiaren jokabide hidraulikoa hobetzeko asmoz.

Horrez gain, eremuaren hegoaldean eta errekatik urrun proposatzen diren lurzati berrietan, eraikigarritasuna 4.667 metro karratu handitzeko aukera mahai gainean jarri dute.

Bestalde, txostenaren arabera, industrialdeak dituen hiru sarbideak bere horretan mantenduko dira, eta gaur egungo bide-sarea ere bere horretan utziko dute, lurzati baterako sarbide berri bat gehituz. Bide horietan espaloi bat egitea aurreikusi dute.

Industrialdearen mendebaldean espazio libre bat aurreikusi dute, 9.834 metro karratukoa. Espazio horrek, Belauntza aldera dauden bi etxebizitzekin muga egingo luke. Eta aparkaleku berriak ere jarriko dituzte orain daudenak mantenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!