Kirola aire librean egiteko zelai bat egiten ari dira Belauntzan

Irati Saizar Artola 2019ko martxoaren 14a

Kirol zelaia eta bolatoki berria egiten ari da udala ostatu ondoan dagoen lur eremuan. 200.107 euroko aurrekontua onartu dute, eta apirilerako amaitzea espero dute.

Belauntzako ostatu ondoan dagoen gune batean, kirol zelaia eraikitzen ari da udala. Silvia Moneo alkateak azaldu duenez, «kirola aire librean egiteko leku aproposik ez zegoelako hasi ginen proiektuarekin lanean».

Bertakoen zein kanpotik datozenen ongizatearen aldeko apustua egin nahi izan du udalak: «Jendea etortzean, azpiegitura egoki bat edukitzea nahi genuen herrian, aire librean. Izan ere, udan, bai edo bai frontoian ibili beharra dago edo, bestela, eliza atarian edo udaletxearen eta eskolaren arteko eremuan, baina ez dira egokiak jolasteko».

Horrez gain, bolatokia ere gune horretan txertatzea aurreikusi dute. Egun, udaletxe alboan dute bat, baina «zaharkituta eta egoera txarrean» dagoela ikusita, kirol zelaian jarriko dute berria, estalita. «Mantentzeko ere errazagoa izango da, eta espero dugu denbora luze batean ondo egotea», azaldu du Moneok. Gainera, lehen dagoena kentzearen aldekoak dira, izan ere, datorren legealdiari begira, udaletxean obra bat egin nahiko lukete, irisgarritasuna hobetzeko, eta lan horietarako «oztopo bat» da bolatokia: «Baina ez dugu kendu eta kito egin nahi, nahiago dugu beste toki batean jarri», gehitu du Belauntzako alkateak.

Proiektu horren aurrekontua 200.107 eurokoa izan da. Eusko Jaurlaritzak 100.053 euroko laguntza eman die eta, foru aldunditik, 46.538 euro jaso dituzte. «Nahiko diru laguntza potoloak dira, horrek esan nahi du, erakundeetatik ulertzen dutela beharrezkoa den zerbait dela, eta herriaren onurarako izango dela», dio Moneok. Publikoki esleituta, Iturrioz S.A. enpresa ari da lanak egiten, eta apirilerako prest egotea nahi dute.

Momentuz, belar naturala utziko dute zelaian, eta banku eta mahaiak jarriko dituzte. Ingurua hesituta joango da. Hala ere, ikusteke dago zein kiroletara bideratuko duten: «Futbolean seguru nahiko dutela, beraz, ate edo porteria batzuk jarriko ditugula ia segurua da, baina beste kirol batzuk egiteko ere aukera zabalik izango da».

Ostatuari ia lotuta dagoen eremua dela kontuan hartuta, onura egingo diola uste dute: «Ostatuari beste bizitza bat emango diogula espero dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!