Aitziber Makazaga eta Iñaki Maiz txapeldun, bola txapelketan

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 15a, 13:02

Belauntzako bolatoki ingurua jendez bete da goizean. Guztira, 33 lagunek hartu dute parte.

Hamarretan hasi, eta eguerdira bitarte etenik gabe aritu dira txapelketako parte hartzaileak bola jaurtitzen. Gizonezkoetan Iñaki Maiz gabirirarra izan da garaile 32 birla botata; bigarren postuan, Txema Fernandez zarauztarra geratu da 31 birlarekin, eta kopuru berarekin geratu da hirugarrena ere, Iosu Lazkano donostiarra. Emakumeetan, berriz, Zerainera joan da lehen saria, Aitziber Makazagarentzat, 23 birla botata; bigarren saria herri berdinera joan da, kasu honetan, ordea, Garbiñe Alustizarentzat, 21 birlarekin; hirugarren postuan bukatu du lehen belauntzarrak, Maider Lazkanok, 13 birla eraitsita.

Saritu guztiek, Joxe Mari Barriolak prestatutako lote ederrak irabazi dituzte. Horiez gain, beste sari bat ere banatu dute: 7 birla bota dituenarentzat izan da, Legazpiko Pedro Agirrerentzat, zehazki. Honek, Barriolaren txuleta parea eta Ibarrako piperrak eskuratu ditu. Txapelketa amaitzean, saki bat zozketatu dute parte hartzaileen artean, eta zorteko izan da Txema Fernandez.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie Belauntzako Ostatuari, Udaletxeari, Joxe Mari Barriola harakinari eta Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioari, txapelketa aurrera eramatea posible egiteagatik.

Egia esan, denbora asko zeraman geldirik bolatokiak. Irteerako egurrezko ola egoera txarrean aurkitzen zela ikusita, burdinezko batengatik aldatzeko proposamena egin zitzaion Udaletxeari. Beraz, Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioa egiten ari den azterketaren haritik sortu zen txapelketa antolatzearen ideia. Ramon Iglesias antolatzailearen esanetan, "burdinezko olaren erantzuna aztertu eta aurrerago erabaki bat hartuko da ea bidezkoa den ala ez". Bestalde, Belauntzako jendea parte hartzera animatu nahi izan dute, "garai batean egiten zuten bezala".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!