Belauntzako gazteek ere jarriko dute postua azokan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 26a, 10:17

Igandean azoka eguna izango dute Belauntzan eta herritarrak ere animatu dira postuak jartzera; goizez egingo dute.

Belauntzako Azoka igandean izango da, 10:00etatik 14:30era, plaza inguruan eta frontoian. Oso giro polita sortzen dela esan du Silvia Moneo alkateak, eta aurten bereziki kontentu daudela ere esan du. «Lau bat postu herritarrenak izango dira, eta 11 eta 14 urte arteko gaztetxoek ere postu pare bat jarriko dituzte. Lehen aldia da animatzen direla eta berri pozgarria da».

Iaz 20 bat postu izan ziren, gehienak kanpotik, eta horietako askok ez dute errepikatuko, aurten beraz, postu gutxiago egongo direla esan du alkateak, hamar inguru. «Gure helburua ez da kanpotik ez dakit zenbat postu ekartzea, herrian giroa sortu eta herritarrei postua jartzen laguntzea da gure nahia, kontentu gaude beraz».

Herritarrek eurek egindako gaztak eta ogiak eramango dituzte, eta baita eztia, arrautzak eta barazkiak ere, besteak beste. Gazteek aldiz, eurek egindako bizkotxoak eta eskulanak eramango dituzte. Postuekin batera aurten lehen aldiz hamaiketakoa eskainiko du udalak. «Lehen bazkaria egiten genuen, baina aurten hamaiketakoarekin probatu nahi dugu. 11:30ean izango da Ostatuan bertan, horrela bide batez, udan ireki zen Ostatua ezagutzera emateko», esan du Moneok.

Alkateak herritarrak animatu nahi ditu azoka bisitatzera, eta baita kanpotarrak ere. «Etorri daitezela Belauntzara, giro ederra izango dugu eta». Era berean, parte hartzen duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie «feriaren oinarri eta euskarri direlako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!