Belauntzako Ostatua, ostatu soil bat baino gehiago

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ira. 20a, 09:45
Omar Belhouja marokoarra da Belauntzako Ostatuko sukaldeburua. R. CALVO

Tolosako Peñascal kooperatibak duela urte batzuk Leaburu-Txaramako Ostatura eramandako proiektua zabaldu du eta Belauntzakoa ere ireki du. Egunero zabalik dago astearteetan izan ezik.

Hilabeteak itxita egon eta gero, Tolosako Peñascal kooperatibak hartu du Belauntzako Ostatua irekitzeko ardura. Peñascal kooperatiban DBH titulua ateratzen dabiltzan gazteei laguntzen diete eta horretarako hainbat ofizio ikasi ditzakete, Tolosako kasuan soldadura eta ostalaritza. Azken adarraren barruan zerbitzua ematen eta sukaldean irakasten diete gazteei, eta horretarako Usabalen duten egoitzaz gain, Leaburu-Txaramako Ostatua erabiltzen zuten, eta uztailetik baita Belauntzakoa ere. Hau da, Belauntzakoa, Leaburukoa bezala, ostatu-eskola izatera pasa da.

Belauntzan hasi besterik ez dira egin eta oraindik eskarira egokitzen ari direla dio Peio Uranga Tolosako Peñascal kooperatibako Ostalaritzako koordinatzaileak, baina gazteak gogotsu daudela dio.

Belauntzako Ostatuak jangela dotore eta zabala du, otorduak lasai egiteko aukera eskaintzen duelarik, baina Peñascalek hartuta, jatetxe edo taberna soila izatetik harago doa, hara joaten direnek gazteei ostalaritzan ikasten laguntzeaz gain, euren bizi proiektuan indarra eta konfiantza hartzen laguntzen baitiete. Gazteak ez dira bakarrik egoten dena den, beti egoten dira Peñascaleko irakasleen begiradapean, zerbitzu ona eskainiko dutela bermatzeko.

ESKAINTZA

Oraingoz Leaburu-Txaramako Ostatuaren eskaintza berbera dute Belauntzan, baina hori ere moldatuz joango direla aurreratu du Urangak. «Asteartean hartzen dugu atseden. Gainontzean astelehenetik ostiralera eguneko menua eskaintzen dugu eguerdian eta gauean askotariko platerak, bokatak eta errazioak. Asteburuetan menu berezia izaten dugu eta horretaz gain, askotariko platerak, bokatak eta errazioak ere». «Egunean eguneko janaria prestatzen dugu, ez badugu guztia bukatzen, guk jaten dugu, ez dugu gordetzen, egunero dugu janari freskoa», gaineratu du Urangak. Kartarik bere horretan ez dutela dio arduradunak, baina eskaintza antzekoa dela gaineratu du eta sasoiko menua ere badutela azaldu du.

Uztailean ireki zuten eta udako oporraldia eta gero berriz ari dira jo eta su lanean. Udan gainera asteazken eta ostiraletan gau giroko menu berezia izan dute, sardinak parrilan eskainiz, eta eguraldiak laguntzen duen bitartean eskaintza hori luzatuko dugu.

BERRITUTA

Belauntzako Ostatua duela urte gutxi berritu zuten eta jangela zabalaz gain, beheko solairuan haurrentzako txokoa du eta baita egokitutako komunak ere. Zerbitzu bikaina eskaintzen saiatzen direla dio arduradunak, baina, batez ere, proiektua bera nabarmendu nahi izan du. «Gure proiektua berezia da. Egoteko leku dotorea dugu, haurrentzako txokoa, terraza bikaina, Belauntza bera leku lasaia da... baina gure proiektua ez da beste edozein ostatuan dutena eta hori ere nabarmentzekoa da, ostatu-eskola bat gara».

Oraingoz atarian dagoen terraza dute erabilgarri, baina aurrera begira kirol gunea egingo duten sailaren ondoan ere mahaiak jarriko dituzte. Izan ere, haurrentzako txokoa duen beheko solairutik ere kanpora ateratzeko aukera dago, eta gune hori ere aprobetxatu nahi dute, familia giroan egoteko aproposa delako.

ONGI ETORRIA

Herritarrek asko eskertu dute ostatua berriz ere irekitzea eta baita udalak berak ere. «Oso gustura gaude, lanean daude, menu onak eskaintzen ditutze, harreta ona eskaintzen dute... Gure aldetik ahal dugun guztian lagunduko diegu», esan du Silvia Moneo alkateak. Ostatuan ere kontentu daude jasotako laguntzarekin: «Ni oso kontentu nago Tolosako, Leaburuko eta Belauntzako udalekin, asko laguntzen digute eta gure ikasleei egiten dieten ongi etorria eskertzekoa da oso».

Ostatu-eskolako lanak asko laguntzen die ikasleei, izan ere Peñascal kooperatibaren beste lanetako bat da enpresak lotzea. «Hainbat enpresarekin harremanak ditugu eta gurean bukatuta, bertan lan egiteko aukera izaten dute gure ikasleek. Baina ez ditugu edozein leku eta modutara bidaltzen, ez duguna nahi da enpresak gurekin lan egitera animatzea ikasleez aprobetxatzeko. Babestu egiten ditugu nolabait».

Lanean erakusten baitiete gazteei, baina ez hori bakarrik: «Baloreetan ere hezten ditugu, hamabost egunero balore bat lantzen dugu taldeko lanaren garrantziaz ohartu daitezen, lanak ondo egin eta bukatzeaz arduratzeko, lan kooperatiboa ezagutzeko, puntualtasuna izan dezaten...». «Gazteak 08:00etatik 10:00etara Usabalen egoten dira eta ohiko eskolak jasotzen dituzte, matematika edo dena delakoa, eta gero Leaburu edo Belauntzara joaten dira eta bertan aritzen dira ikasten», gaineratu du.

Gazteek asko eskertzen dute ostatu-eskoletan ematen zaien aukera eta «ikaragarri» laguntzen die lan erreal hori egin ahal izatea. «Ikasleen autoestimurako oso ona da hemen lanean egotea, ikustea gai direla, jendeak eskertu egiten duela, are gehiago, eurek egiten duten lanarengatik ordaindu egiten dutela... Lan honek ikaragarri laguntzen die», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!