Aitarekin batera duela 23 urte hasi zen eraikuntza arloan lanean Imanol Urkizar (Tolosa, 1977). Sektorearen urrezko aroa bizi izan zuen, eta oin berriko eraikinak eta birgaitze lanak egiten jardun zuten, aharik eta burbuila lehertu eta lan beherakada nabari izan zuten arte. 2009 urte inguruan zazpi langile izatetik hiru izatera pasa ziren eta duela dozena bat urte aitak erretiroa hartu zuenetik Urkizarrek darama enpresaren ardura: «Badirudi orain badagoela lana. Urtetik urtera gehitzen ari da eta geroz eta eskaera gehiago jasotzen ditugu». Belauntzako Okobio poligonoan duten bulegoan, administrariak, arkitekto teknikariak eta lizitazio teknikariak egiten dute lan eta obran, berriz, bi ofizial eta bi peoi aritzen dira, guztiak, Urkizarren esanetara. «Orain, batez ere, bizilagun komunitatetatik eskatzen zaizkigun lanak egiten ditugu: eskailerak, eskaratzak, igogailuak, teilatuak eta fatxadak birgaitzen ditugu eta obra berri oso gutxi».
Gaur egun, beste enpresa eraikitzaile batekin bazkide promotora bat, Urgoi Sustapenak osatu eta Tolosako Korreo kalean sei etxebizitzako eraikin bat birgaitzen ari da Urkaz Eraikuntzak enpresa. Urbanizazio lanak ere burutu izan ditu, besteak beste, Bedaio auzoan eta Aldabako pilotalekuan eta Beotibar frontoiko aldageletan ere egin ditu lanak. Baina batez ere, berreskuratze eta biziegokitasun printzipioetan oinarrituta etxebizitzak birgaitzen ematen dute denbora gehien. Higiezinen kudeatzaile diren enpresen eskutik etortzen zaizkie, gehienbat, eskakizunak: «Guk egin beharrekoa aztertu eta aurrekontua prestatzen dugu konpromisorik gabe. Jendeak irtenbide azkarrak nahi izaten ditu eta saiatzen gara behar horiei erantzuten. Bi teknikari ditugu bulegoan eta zuzeneko tratuari garrantzia handia ematen diogu. Gure ezaugarrietako bat da».
Isolamendu termikoan aintzindari
EIT Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa egitea derrigorrezkoa dute 50 urtetik gorako eraikinek ekaina baino lehen. Horrelakoetan teknikariek maiz ikusten dituzte konpondu beharreko kalteak eta Urkaz Eraikuntzakeko arduradunei tokatu izan zaie egoera txarrean dauden eraikinak birgaitzea: etxebizitzak, lokal komertzialak, baserriak... Urkizarren esanetan, «eraikin zahar askok egitura egurrezkoa dute eta zaindu ezean egoera txarrean bukatu dezakete. Gauza guztiak bezala gure etxeak ere zahartu egiten dira eta jende gutxik du mantenu lanak egiteko ohitura edo kontzientzia». Eraikin eta etxebizitzen egituraren segurtasuna bermatzea ere bada Urkazen lan egiten dutenen helburua, beti ere, etxebizitza partikularrek biziegokitasuna izan dezaten.
Irisgarritasun eta efizientzia energetikoari buruzko informazioa ere ematen dute EITek. Urkaz Eraikuntzak enpresak gai honen inguruko aholkularitza teknikoa eman eta aukera ezberdinak eskaintzen dizkie etxejabeei. Passivhaus motako etxeak egiteko enpresako teknikariek Trasdesperson ziurtagiria lortu berri dute, zeinarekin eraikinek ia berotze eta hozte beharrik ez dutela bermatzen duten. «Hainbeste isolatzen dira eraikinak ia energiarik ez dutela behar izaten ez berotzeko eta ezta hozteko ere. Artile minerala bezalako materialak erabiltzen ditugu horretarako eta fatxadak berritzerakoan isolatze sistemak erabiltzen ditugu», dio Urkizarrek.
Hain zuzen, Okobio poligonoan, Belauntzan duten pabiloia egokitzen ari dira, orain, Urkaz Eraikuntzakeko kideak. Zein material erabiltzen duten eta prozesu guztia nola egiten duten erakutsi nahi diete bezeroei; bertatik bertara ikusi ahal izango dute erakusketa gela prest dutenean. Izan ere, Urkizarrek nabarmendu duenez kalitatezkoa da erabiltzen duten materiala: «Punta-puntakoa da, bai materiala eta baita ibiltzen dugun makineria ere. Hori da gure norabidea. Badakigu gu ez garela merkeenak merkatuan, baina ez dugu izan nahi. Iruditzen zaigu behin material ona erabilita, epe luzerako bermea duela bezeroak, nahiz eta betiko ez den ezer izaten».
Efizientzia energetikoa bilatze aldera, teilatu eta fatxadak birgaitzen egiten dute lana Urkaz Erainkuntzakeko kideek. «Alde batetik gastatzen dena, beste alde batetik aurrezten dela esaten diegu gure bezeroei». Bide batez, adineko pertsonentzako edo mugikortasun mugatua dutenentzako eraikinak egokitzen ere egiten dute lana. Besteak beste, igogailuak jarri izan dituzte, oraindik ere ez zeukatenetan, eta beraz, eraikin horien irisgarritasuna hobetzen lagundu dute. Gaur egun, hainbat erakundeetatik horrelako lanak burutzeko ematen dituzten diru laguntzen inguruan informazioa ere ematen dute eraikuntza enpresan.
Berezoentzat erraztasunak
Eraikinen birgaitzeaz gainera, eraberritze lanak ere burutzen dituzte Urkaz Eraikuntzaken. «Zatikakoak edo osoak, etxebizitza barruan, lokal komertzialetan edo industria eraikinetan egin izan ditugu. Proiektutik hasi eta lizentziak lortu, diru laguntzak eskuratu, gremioak koordinatu eta obra bukatu arteko tramite guztietaz arduratzen gara».
Eraberritze edo birgaitze lanak ez dira merkeak: «Fatxada batean isolamendua jartzeak kostua du», dio Urkizarrek. Horregatik, aurten lehen aldiz, eta bezeroei ahalik eta erraztasun handienak ematearren, finantziazio sistema bat jarri dute martxan. «Bizilagun komunitateei eta partikularrei ere eskaintzen diegu eta bankuen bidez egiten dugu, beti ere, interes on batzuekin. Egin beharreko obra errazago ordaindu ahal izan dezaten bi urtetik zazpi urtera bitarteko finantziazioa eskaintzen diegu».
Gertutasuna, zuzeneko tratua eta kalitatea dira Urkaz Eraikuntzak enpresak eskaintzen diena bezeroei, eraikin bat birgaitu, eraberritu edo egokitu nahi badute.
FITXA
Helbidea. OKOBIO, 52. Belauntza.
Telefono zenbakia. 943 67 04 45-661 95 10 89.
E-maila. info@urkaz.com.
Webgunea. www.urkaz.com.
Facebook. Urkaz Eraikuntzak.