Belauntzako ostatua hartzeko aukera zabaldu dute, errenta jaitsiz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko azaroaren 23a

Lehen sei hilabeteetan ez da errentarik ordaindu beharko eta hurrengo hiru hilabeteetan 50 euro ordaindu beharko dira; udalaren helburua erraztasunak ematea da.

Belauntzako ostatua kudeatzeko lehiaketa zabaldu du udalak. Pasa den hilean utzi zuten aurreko maizterrek, eta herrian berebiziko garrantzia duen tokia izanda, lehebailehen esleitu nahi dute. «Herrian oso leku garrantzitsua da, elkartzeko, hitz egiteko... Herritarrentzat garrantzitsua da, eta baita kanpotarrak erakartzeko ere», esan du Silvia Moneo Cid alkateak.

Izena abenduaren 20a bitarte eman daiteke eta udalak kudeaketa errazteko neurriak ere hartu ditu. «Errenta ia erdira jaitsi dugu, ez dugu errenta oztopo izaterik nahi, eta herriari bizia emateko ezinbestekoa denez, gure esku dagoen guztia egin nahi dugu ostatuak aurrera egin dezan», gaineratu du.

Lehen sei hilabeteetan maizterrek ez dute errentarik ordaindu beharko, hurrengo hiru hilabeteetan 50 euro gehi BEZa ordaindu beharko dute, eta hortik aurrera 75 euro gehi BEZa izango da ordaindu beharko duten errenta.

Gainontzean ohiko baldintzak bete beharko dituzte ostatua hartzen dutenek. Printzipioz urte beterako hartuko dute ostatuaren kudeaketa eta beste hiru urtera luzatu ahal izango dute.

3.000 euroko fidantza jarri beharko dute. Era berean, lanegunetan 10:30etik 23:00etara zabaldu beharko dute eta asteburutan zein jai egun bezperetan 01:30ak arte. Astean jai egun bat hartu ahal izango dute, eta 30 eguneko oporraldia ere izango dute. Ostatua taberna eta jatetxea da eta beraz, otorduak eman behar dituzte.

Ostatua 2015ean berritu zuten. Komunak eta biltokia berritu zituzten, komun egokituak jarriz, eta behe solairuan haurrentzako jolastoki bat ere egin zuten. «Sukaldea ere oso ondo hornituta dago eta terraza ederra jarri daiteke», nabarmendu du alkateak. Herrian egin dituzten azken lanak ere gogoratu ditu Moneok, frontoia estali zuten eta ostatu ingurua ere urbanizatu zuten. Datorren urtean ostatu ondoko zelaian hainbat kirol egiteko gunea egiteko asmoa dute ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!