Herriko albisteak, dilin-dalanka

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 14a, 08:05

Familiatik datorkio kanpai jotzaile ofizioa Joxe Fermin Garmendiari (Belauntza, 1953). Andresenea baserriko semea da eta aita zenak, Bixente Garmendia Garmendiak, irakatsita hasi zen eginkizun honetan. 1980. urtetik hona, ia igandero zabaldu dira lau haizetara berak jotako kanpai hotsak. Astean zehar mekanikari aritzen da, eta igandeetan kanpai jotzaile.

Geroz eta gutxiago dira ohiturari eusten dioten herriak. Eliza gehienetan kanpaiak automatikoki jotzen dira, gailu elektriko baten bidez, baina herri gutxi batzuetan bizilagunen batek egiten du eskuz, igandeetako mezarako deia. Are gutxiago dira, herriko heriotzen edo jaiotzen berri emateko kanpaiak jotzen dituztenak ere. Horregatik da berezia, Joxe Fermin Garmendiak ohiturari jarraitu izana, eta azken 36 urteetan igandero, Belauntzako kanpandorrera igotzeko hartutako konpromisoa.

«Aita zena hil zenez geroztik aritzen naiz ni kanpai jotzaile. 1980. urtean hil zen. Aurretik Isidoro Beloki ere aritu zen, auzokidea. Carmen eta Petra izebak ere aritu ziren, baina nik ez nituen ikusi», gogoratu du.

Gaur egun igandeetan bakarrik egiten dute mezarako deia, baina garai batean egunero ematen zuten meza eta aita egunero-egunero igotzen zen kanpandorrera, baita goizeko bostetan ere. «Garai batean meza egunero izaten zen, aita egunero aritzen zen. Igandeetan bi meza ere izaten ziren, bata goizeko seietan eta ehiztariak ateratzen ziren garaian bostetan ere jo izan dituzte, eta meza nagusian, hamarretan, bestea», esan du. Aitak baserrian egiten zuen lana eta hori utzita joaten zen elizara.

Mezarako deia eta heriotzak

Mezarako deia egiten du Garmendiak eta heriotzak ere jotzen ditu, hil kanpaiak edo agoniak, alegia.

Belauntzako kanpandorrean hiru kanpai daude eta heriotzak direnean jotzeko modua aldatzen da «gizona, emakumea edo aingerua» izan.

Belauntzako kanpaiek zein hotsa egiten duten argitzen duen idatzia dute; bi handiek don eta dan egiten dute, eta txikiak txin. Bi handiak eskuarekin jotzen ditu Garmendiak, eta txikia hankarekin. Hildakoa gizona denean, don kanpaiarekin 33 kanpai hots jotzen ditu, emakumea denean dan kanpaiarekin 32 kanpai hots, eta haurra denean, aingerua, ez da kanpai hotsik jotzen, beste modu batera ematen da berria.

Garai batean horixe zen herritarrek gertakarien berri izateko zuten modua eta beraz, mezarako deia egiteaz gain, suteak, ekaitzak edo bandoak iragartzen ziren ezkilen bidez. «Orduan ez zegoen ez egunkaririk eta ezta eskuko telefonorik ere, udaletxeko bandoen berri ere kanpaien bidez eman beha izaten zen». Mezarako deia egiten duenean egiten duen eguraldiaren eta Garmendiak duen sasoiaren arabera deia aldatzen dela dio. «Kanpaia bustia badago pisu gehiago hartzen du eta hots gutxiago ateratzen du, hego haizearekin berriz, gehiago entzuten da, ipar haizearekin moteldu egiten da... doinua aldatu egiten da eta horren arabera indar gehiagoz edo gutxiagoz jo behar dut», azaldu du. «Nik egun horretan dudan sasoiak ere badu zerikusia», esan du barrez. «Ohitura delako» jotzen ditu kanpaiak belauntzarrak. «Ez da ordaintzen eta lotua da, baina betidanik egiten dut eta gustura».

Belauntza eskuz jotzen den azken herrietako bat da, beste herrietan elektrikoki jotzen dituztela dio, «disko bat dute eta listo, beti berdin jotzen da».

Akabo kanpaien aroa

Bixente Garmendia aita zenak bizitako garaia «erabat desberdina» zela gogoratu du. Argi kanpaiak, su kanpaiak, hil kanpaiak, abemariatakoa, angelusekoa, errogatibak, errepikak... garai batean erlijioarekin zerikusia zuten deiak egiteko eta bestelako albisteen berri emateko erabiltzen ziren kanpai hotsak, eta askotan herri batetik besterako deia egiteko ere erabiltzen ziren. «Belauntzan jaiak ziren garaian, bezperan, Leaburu, Ibarra eta Belauntzan kanpaiak batera jotzen ziren. Bakoitzak bere doinua zuen eta koordinatu egiten ziren. Beste herrietan jaiak zirenean ere gauza bera egiten zuten».

Gaur egun kanpai hotsek orduaren berri ematen jarraitzen dute, baina automatizatuta daude, lehen ez bezala. Garmendia txikia zenean, berari egokitzen zitzaion herritarrei orduen berri ematea. «Erlojuari giltza eman behar zitzaion, poleak izaten zituen uhalarekin eta egunero igo behar ziren. 24 orduz irauten zuen emandako sokak eta beraz, egunero joan behar zen giltza ematera, eta gu joaten ginen, aitak bidalita. Berdin zuen goiza, eguerdia edo gaua zen, behar zenean hara joaten ginen».

«Gustuko lana dugu eta horregatik egiten dugu, baina zein hasiko da gaur egun honetan? Guk hau ezagutu dugu eta segitu egiten dugu». Baina ez zaio inor gerturatu ikasi nahi duela esanez, beraz, berak uzten duenean utzi egingo dela dio. «Debaldeko zerbait da, ez dut uste inor animatuko denik. Hasi bai, baina gero jarraitu egin behar da; igandero, eguerdian, urte guztian...». Garmendiak ere oso gutxitan egin du kale, «urtean lauzpabost aldiz». «Garai batean ere ez zen ordaintzen, baina jaiak zirenean Belauntza, Ibarra eta Leaburuko kanpaiak batera jotzen ziren horretan, hamaiketakoa prestatzen zieten kanpai jotzaileei kontzejuan, eta iluntzean udaletxekoek afaria ematen zieten, hori izaten zen urteko saria», gaineratu du.

Garaia aldatu da, bizimodua, eta pena pixka bat ere ematen dio: «10:00etan meza nagusiarekin, han biltzen ziren denak, zain. Ez zegoen ez egunkaririk eta ez ezer, eta albisteen zain zegoen jendea. Emakumeak han biltzen ziren, elizaren atarian, eta gizonezkoak berriz, kontzejura joaten ziren mahaiaren bueltan biltzeko. Beste giro bat zegoen». Sasoia duen bitartean kanpaiak astintzen jarraituko duela esan du Garmendiak, «ohiturari eutsiko diot ahal dudan bitartean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!