Berrikuntzak egin dituzte Belauntzako herritarrentzat

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 14a, 12:32

Baserrietako seinaleak eta elkartearen ondoko aparkalekua berritu dituzte aurten; frontoiko eserlekuak etorkizunerako proiektu dira.

Herritarrek hainbat urtetan egindako eskaerei erantzuna ematea lortu du Belauntzako Udalak, baserrietara joateko seinaleak berrituz.

Tolomendik eta udalak Eusko Jaurlaritzara jo dute diru laguntza berrien bila, obraren kostuari udalak ezin baitzion bakarrik erantzun. Horrela, ezinbestekooa izan da Eusko Jaurlaritzaren EREIN (Euskal Autonomia Erkidegoko landa guneetako garapen eta sustapenerako laguntzak) programaren babesa izatea. Lau urteren ostean, beraz, udalak lortu du herritarren beharrei erantzutea. Mariano Lazkano alkateak azaldu duenez, gabezia nabaria zen, anbulantziak «ezin iritsi eta galduta» ibiltzen baitziren, adibidez, baserrietara iristeko. Udalak urteak zeramatzan horren atzetik, baina diru laguntzarik jaso arte ezin izan dute proiektua burutu beraiek nahi bezala.

APARKALEKU BERRIA

Belauntzako Udalak egin duen beste inbertsio bat, elkarte aldameneko aparkalekua berritzearena izan da. Aparkalekua aldapan dagoenez, jende helduak arazoak izaten zituen bertan aurrera eta atzera ibiltzeko, eta irisgarritasuna hobetze aldera egindako proiektua izan da. Auzolanean egindako obra izan da honakoa, udalak materiala jarriz eta elkarteko kideek auzolanarekin burutuz. Orain hamasei autorentzako aparkalekuak ditu eskura, Belauntzako herriak.

ESERLEKUAK FRONTOIAN

Esku artean duten beste proiektu garrantzitsuetako bat da frontoiaren bigarren faseari ekitearena. Eserlekuak jarri nahi dituzte martxoan estalitako frontoian, herritarren onurarako.

Mariano Lazkano alkateak azaldu duenez, «oso gustura» daude frontoia nola geratu den ikusita, lanen helburu nagusia frontoia eguraldi txarragandik babestea eta urte guztian erabilgarri egotea baitzen.

Baina eserlekuen gabezia nabaria dela dio. Azken finean, bertso saioak edo pilota partidak egin nahi izanez gero, jendea eserita egoteko leku baten beharra dago. Orain, ordea, udalarentzat ezinezkoa da inbertsio horri erantzutea, eta etorkizunera begirako proiektua izango da.

Izan ere, frontoiaren lehen eraberritzeak gastu handia ekarri du atzetik, eta baita elkartearen eta kartelen eraberritzeek ere. Lazkanoren esanetan, herri txikiek beti izaten dute diruaren «oztopo» hori inbertsioak egiteko.

Pilotalekuko harmailak jartzeko udalak bi aukera ditu esku artean: finkoak jartzea edo biltzeko modukoak jartzea. Lazkanok aipatu duenez, orain «aztertzen» ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!