Frontoiari probetxua ateratzeko berritze lanak egiten ari dira

Maier Ugartemendia 2016ko urtarrilaren 14a

Belauntzako frontoian dena prest dute lehen faseko lanak amaitzeko

Belauntzako Udalak lehen faseko lanak otsailean amaitzea espero du

Belauntzako frontoian zenbait aldaketa egiten ari dira azken asteetan. Lan ezberdinak egingo dituzte frontoia egokitzeko eta herritarren beharretara egokitzeko.

Mariano Lazkanok azaldu bezala lan hau garrantzitsua izango da herriarentzat «bai kirol mailan edo bai otordu mailan» antolatu nahi izan diren hainbat kontu «atzera bota» izan dituztelako eguraldi txarragatik. Frontoiari «probetxua» ateratzeko asmoz, ixtea irtenbide egokia izan zitekeela pentsatu zuten duela bi urte.

Orain plan horiek orain gauzatzen hasi dira. Lehenik eta behin isurtze hodiak aldatu dituzte, eta orain ixteko «materialaren zain» daude, baina «egun batetik bestera» iristea espero dute.

Frontoia ixteak bestelako egin beharrak ere ekarri dizkio udalari : «Larrialdietarako ateak eta irteerak behar den bezala egin behar zirela esan ziguten».

Lanekin abenduaren hasieran hasi ziren, eta lehenengo fasea «otsailaren azkenerako» amaitzea espero dute.

Aurrera begirako zenbait lan ere badituzte buruan. Bigarren fase batean «harmailak jartzea» da udalaren helburua, nahiz eta oraindik zer nolakoak jarri aztertzen ari diren.

Aipatu bezala, herrian egin daitezkeen gauza asko «giroak laguntzen ez duelako» mugatu egiten dituela uste du Lazkanok, eta «leku on bat jarrita» gauza asko aurrera atera daitezkeela uste du.

Bigarren fasearen amaiera, «sanjoanetan ospatzen diren festetarako» egitea gustatuko litzaioke udalari. Oraindik hori zehaztea zaila dela uste duen arren, «izen pixka bateko pilotarien partida batekin» inauguratzea polita izango litzatekeela uste du Lazkanok.

Gauzak honela, frontoia berritzea izango da Belauntzako Udalak 2016an izango duen proiektu nagusia, aurrekontuetako zati handi bat hartuko duelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!