‘Fermin’ astoa saritua izan da Astotxo Egunean

Ataria 2016ko urt. 11a, 17:53

Ezkerrean, ‘Fermin’ Belauntzako astoa, antolakuntzako batekin. AIMAR MAIZ

Belauntzako Migel Gabirondoren astoak ar dotoreenaren saria jaso zuen atzo Lazkaon

Lazkaon urtero ospatzen den Astotxo Eguna sona handiko eguna izaten da. Bertan irudi handiekin jaiotza osatzeaz eta Egiptorako ihesa kale antzezpena egiteaz gain, Gipuzkoako enkarterri astoen lehiaketa ospatzen da. Igandean 17. edizioa ospatu zen eta laurogei bat buruk parte hartu zuten aurtengoan.

Tartean izan zen Belauntzako Migel Gabirondo, Fermin izeneko astoarekin. Saritua izan zen Gabirondo; asto arren sailean irabazi zuen saria Fermin astoak, asto ar dotoreena izateagatik. Hain zuzen ere, zintzarri bat jarri zioten astoari lepoan sari bezala, eta Gabirondok 300 euroko saria jaso zuen.

Belauntzarrak azaldutakoaren arabera asto «dotorea»  eta «txintxoa» da Fermin, «denetik» ba omen du. Eta saria irabazita «gustura» dago.

Aipatu bezala, Lazkaon egiten den asto lehiaketa zabalagoa izaten da. Asto ar eta eme onenak aukeratzen dituzte bertan.

Badira sei bat urte Gabirondok Lazkaoko lehiaketan parte hartzen duena, eta iaz ere eskuratu zuen sari bat bertan, asto berarekin gainera. Eta aurrera begira ere badu esperantza Gabirondok: «Hurrengo urtean ere jende gehiago joaten ez bada arrisku ederra irabazteko».

Gabirondok lau asto ditu. Baina, Lazkaora «bi arrak» eramaten ditu. Normalean, «mendian» ibiltzen ditu bere astoak, «belazeak garbi mantentzeko ». Olentzeroren etorreran parte hartzen dute bere astoek, eta umeekin ibiltzen du astoren bat.

Laurogei asto lehiaketan

Lazkaoko asto lehiaketan guztira laurogei bat astok parte hartu zuten, horietatik gehienak (hirurogeita hamar bat) emeak. Eme onenaren saria Errezilgo Luis Arakistainen Zelestinak eraman zuen.
Euskal arraza autoktonokoak  izan behar dute nahitaez astoek lehiaketan parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!