Belauntzan azoka eguna izango dute igandea, urriaren 25a; 10:00etatik 14:00etara ospatuko da, elizaren ondoan kokatuta dagoen plazan.
Udaletik adierazi dutenez, aurtengoan azoka antolatzeak «lan pixka bat» eman du, baina bestalde, «poz handia» sentitu dute, udalarekin batera herritarrek ere parte hartu dutelako azoka honen antolakuntzan.
Gainera, Belauntzako azoka «hazten» ari dela eta hori herriarentzat «oso ona» dela dio udalak. Beraz, pozik egoteko arrazoirik ez dute falta.
Hogei postutik gora
Azoka egunetan ohikoa den bezala, denetariko postuak aurkitu ahal izango dira Belauntzan ere: «Herriko ganaduzaleen abereak eta tresna batzuk; herrikoek jartzen dituzten barazki, fruta eta sukaldaritza postuak; beste herrietatik etorritako postuak... Bertan izango dira era guztietako artisauak». Guztira, hogei postutik gora bilduko dira.
Bestalde, aipatu behar da azoka eguna girotzeko, trikitilariak ibiliko direla herrian zehar.
Bazkaria herriko tabernan
Azokan zehar erosten edo saltzen gastatutako indarrak berreskuratzeko, herri bazkaria antolatu dute herriko tabernan azokaren ondorenerako.
14:30ean izango da, hain zuzen ere, bazkaria. Eta bertara joan nahi dutenek txartelak eskuragai dituzte tabernan eta udaletxean, 25 euroren truke. Txartela eskuratzeko azken eguna izango da gaurkoa; beraz, interesa duenak gaur mugitu beharra dauka.