Zerk animatu zaitu hirugarren aldiz alkate aurkeztera?
Ez nuen jarraitzeko asmorik, baina taldean aurkeztu diren gazteek eskatu zidaten. Nirekin azken urteetan gustura egon direla esan eta beraiei bidea irekitzeko jarraitzera animatuko ote nintzen galdetu zidaten. Horregatik erabaki dut jarraitzea, haiei bidea irekitzen laguntzeko.
Azken legealdia izango duzu, beraz?
Zalantzarik gabe. Familia bat daukat eta honek asko lotzen du. Gustura egon naiz eta jendearen jarrerarekin gusturago, baina niretzako denbora behar dut.
Zeintzuk izan dira azken lau urteetan egindako lan nagusiak?
Lan asko egin dugu. Esaterako, eliza konpondu dugu, arkupea egin diogu. Garai batean arropa garbitzera joaten zireneko iturria berreskuratu dugu eta inguruan mahaia jarri dugu bertan egon ahal izateko. Zaborraren gaiarekin ere lan asko egin dugu; 28 puntutan geneuzkan zaborra biltzeko tokiak eta gastu handia zen. Martxoan aldatu genuen sistema. Orain erdia ordaintzen dugu eta pertsona bat dago lanaldi erdian. Lehen lurrean botata egoten zen zaborra eta orain dena txukun-txukun daukagu gune bakar batean. Herritarrek astearte eta ostiraletan 07:00etatik 10:00etara etxe atarira ateratzen dute bota nahi dutena, udalak ematen dizkie sailkatu ahal izateko koloreetako poltsak, eta mutil honek jasotzen ditu eta gunera eramaten ditu. Enpresetakoak ere jasotzen ditu beste bi egunetan. Kontentu gaude prezioa jaistea lortu dugulako. Oraindik sei hilabeteko proba egiten ari gara eta hobetzea espero dugu konpostaje puntuekin eta abar. Argiteria ere aldatu dugu eta fakturak %35ean jaitsi dugu. Herriko tabernan ere lanak egin ditugu. Bestalde, baserrietarako bideak brearekin jarri ditugu, arriskutsu zeuden.
Zertan ari zarete orain?
Plan Orokorrarekin ari gara, oso aurreratuta daukagu eta urte honen amaierarako bukatuta edukitzea espero dugu. Lehen etxebizitza bakarra eraikitzeko aukera zegoen eta orain bakar batzuk gehiago ere egin ahalko dira. Orain arte baserrietan ez zegoen terrazarik egiterik, metroak agortuta zituztelako, eta hori aldatu dugu, beti ere hirugarren bati kalterik eragin gabe. Baserrietan etxebizitza gehiago egiteko aukera ere aurreikusten du Plan Orokorrak.
Eta zein asmo dituzue aurrera begira?
Frontoia hegoaldetik oso irekita geratzen da eta ixteko eta harmailaren bat egiteko asmoa dugu. Martxan dugu ere baserriak non dauden seinaleztatzeko proiektua. Taula batzuk jarri nahi ditugu. Bestalde, gazteak pilotan ibiltzeko erraztasunak eman nahi ditugu eta lauzpabost elkartzen badira pilota eskola egin. Plan Orokorrarekin lotuta herriko tabernaren ondoan zelai bat dago eta bertan bolatokia, futbol zelaia eta parkea egin nahi ditugu. Plazan merkataritza guneak egin nahi ditugu eta horien gainean pisuak egiteko aukera aztertzen ari gara. Era berean, Berrobirako bidean daukagun industrialdean ura presiorik gabe iristen zaie eta horri irtenbidea eman nahi diogu. Gestioak egiten ari naiz orain. Proiektuak aurkeztuko ditut diru laguntzak lortzeko. Ura beste bide batetik eraman nahi dugu presio arazoa konpontzeko.