Betikoa, baina beharrezko

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 18a, 11:00

Belauntzan ere San Joan jaiak ospatzen dituzte. San Joan bezperatik hasi ekainaren 26a arteko egitaraua prestatu dute. 

Belauntzan  San Joan bezperarekin hasiko da jai giroa. Mariano Lazkano alkateak azaldu duenez, egitaraua gutxi gorabehera urterokoa da. San Joan bezperan sua piztuz eta kanpai jotzearekin murgiltzen dira jai giroan, eta ondoren, herri afaria egiten dute. Txartelak erosteko azken eguna ekainak 21 izango da eta udaletxera edo herriko tabernara joan behar da horretarako. Helduen txartelak 28 euro balio du eta 14 urte artekoek 15 euro ordaindu beharko dute. Helduen txartel bakoitzak zenbaki bat du eta horrekin arkume edo txerrikume baten zozketan parte hartuko dute afaltzera joaten direnek.

San Joan egunez txistularien kalejirarekin hasiko dute eguna, eta ondoren meza nagusia egingo dute. Urteroko moduan herriko koruak mezan abestuko du eta baita Zeberio eta Mañukorta bertsolariek ere: «Urte asko dira etortzen direla eta jendea oso gustura dago. Konfiantza dugu jada eta beraiek ere gehiago askatzen dira horrela. Hamaiketakoan ere hartzen dute parte eta bertsoekin eta txisteekin oso giro ona jartzen dute». Hurrengo egunean, ekainaren 25ean, gazteentzako Gorriti eta bere animaliak izango dira, eta Belauntza, Leaburu-Txarama eta Gazteluko segalari gazteen erakustaldia egongo da. Ondoren, urte askotako usadioa den saiheski jatea egingo dute «herritar asko biltzen gara mahaiaren bueltan, giro onean», esan du Lazkanok.

Egitaraua


Ekainak 23, asteartea, San Joan bezpera
• 21:00. Festei hasiera emateko, sua piztea eta kanpai jotzea etxafuegoekin.
• 21:45. Herri afaria soinu eta txiste kontalariekin.

Ekainak 24, asteazkena, San Joan eguna
• 09:00. Txistulariak ariko dira kaleak girotzen herrian zehar etxafuegoekin.
• 11:00. Meza nagusia herriko koruarekin eta bertsolariekin.
• 12:00. Hamaiketakoa herriko tabernan, Zeberio eta Mañukorta bertsolariekin.
• 10:00etatik 14:00tara eta 16:00etatik 20:00etara haur jolasak.

Ekainak 25, osteguna
• 10:00. Gorriti bere animaliekin.
• 12:00. Hamaiketakoa herriko tabernan ume eta gazteentzat.
• 16:00. Belauntzako, Leaburu-Txaramako eta Gazteluko segalari gazteen erakustaldia.
• 20:00etan saiheski jatea ardo eta sagardoarekin, plaza inguruan, trikitilariek alaituta.


Ekainak 26, ostirala
• 22:00etan Mus Txapelketa Martintxo elkartean, hasi eta bukatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!