Hazten ari den azoka ospatuko dute Belauntzan

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 12a, 09:00

Azokaren ostean egingo den bazkarirako txartelak salgai daude tabernan eta udaletxean

Igandean, hilaren 14an, urteroko Belauntzako azoka ospatuko dute. Festa giro politaz gozatu ahal izango da  10:00etan hasi eta 15:00etan bukatuko den aurtengo azokan. Urtero bezala elizaren sarrera inguruan kokatuko dituzte azokako postuak.
Bertan izango dira herriko ganaduzaleen abereak, baserritarrek eramandako tresnak, herriko nekazarien barazkiak eta frutak, sukaldaritza teknikak praktikan jartzeko postuak, eta era berean baita herrikoak ez diren baina azokan postua jarriko duten beste hogei bat saltzaileren postuak ere.Horrez gain, artisauek ere parte hartuko dute azokan.
Esan bezala, Belauntzako azoka hau urtero antolatzen dute, eta horrelako zerbait antolatzeak bere lana eskatzen du. Antolatzaileen esanetan «lan pixka bat» ematen duen arren, poz «handia» sentitu dute, udalarekin batera herritarrek ere antolakuntzan parte hartu dutelako. Gainera, antolatzaileen esanetan Belauntzako azoka «hazitzen» ari da urtero eta hori herriarentzat «oso ona» dela uste dute.  
Bazkaria, azoka osterako
Azokan goiza pasatzen duten saltzaileek eta erosleek goizean egindako gosea asetzeko eta festa giroan jarraitzeko aukera izango dute azokaren ondoren egingo duten bazkarian.
15:00etan izango da bazkaria, herriko tabernan. Bazkarirako txartelak herriko tabernan eta udaletxean daude salgai, 24 euroan. Bazkarira joan nahi duenak herriko tabernara bertara edo udaletxera joan behar du gaur;gaurkoa baita txartelak eskuratzeko azken eguna.
Azokako postuez gain, eguna girotzeko bertsolariak izango dira, eta musikarik ere ez da faltako.
Hortaz, giro ederrean egun pasa bikaina egiteko aukera izango da igandean Belauntzan eta antolatzaileek bertara gerturatzeko gonbitea luzatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!