Belauntzako eliza, altxor artistiko eta historikoa

Ainhoa Oiartzabal 2014ko ekainaren 24a

Gaur jarri dute Belauntzako Juan Deuna elizaren portikoan elizaren balio artistiko eta historikoen berri ematen duen plaka. Mariano Lazkano alkateak bistaratu du idatzia, txistulari eta dantzarien laguntzarekin. Belauntzar ugari bildu da herriko jaien egun nagusian. Ondoren, hamaiketako egin dute herriko tabernan.

Ez da nolanahiko eliza Belauntzakoa. 2009an zaharberritze lanak hasi zituztenean, Zehazten ikerketa enpresakoak deitu zituzten han topa zitezkeen ondare arkeologikoak aztertzeko. Eta sei urteotan, altxor artistiko eta historiko ugari topatu dituzte bertan. Atzo plakaren bistaratzean Belauntzan ziren  Xabier Balerdi eta Iosu Etxezarraga arkeologoen esanetan, Gipuzkoako aztarnategi arkeologiko esanguratsuenetarikoa da. 

Izan ere, XVI. mendeko elizaren eraikinaren oinarrietan indusketetan zebiltzala, XIII. mendeko elizaren arrastoak topatu zituzten lehendabizi: abiside erromaniko bat. Eta hura aztertzen murgilduta zeudela, ustekabeko aurkikuntza batekin egin  zuten topo: XI. mendeko harrizko aldarearekin. "Eliza zurezkoa izango zen garai hartan, baina aldarea agertu da", azaldu dio Atariari Xabier Balerdi arkeologoak. Hain justu, egungo aldarearen tokian dago duela mila urteko aldarea. Gainera, toki berean erromatarren garaiko aztarnak ere topatu dituzte; pareta baten aztarnak, hain justu. Aurkikuntza horren arabera, duela bi mila urtetik giza asentamenduak daude Belauntzan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!