Amaia Artola: " Idaztea asko gustatzen zait, eta lanean bizitako egoerak islatu nahi nituen"

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 13a, 16:32
Belauntzako Amaia Artola psikologo eta gerontologoak Bergarako Amodiozko Gutunen lehiaketa irabazi du. Dementzia duen ama baten larruan sartu da Artola, eta gaixotasuna diagnostikatu eta gero alabari idatzitako gutun hunkigarria idatzi du. Entzun gutuna.

Bergarako Amodiozko Gutunen lehiaketa irabazi du Amaia Artola belauntzarrak. Psikologo eta gerontologoa da bera, eta batez ere, adineko jendearekin eta bereziki adinekoen zaintzaileekin egiten du lan. Hain justu, berak idatzitako gutunak bere lanbidearekin lotura estua du, izan ere, dementzia diagnostikatu dioten ama baten paperean sartu, eta haren alabari idatzitako eskutitza da belauntzarrak idatzitakoa.

Esperotako saria izan al da?

Oso pozik nago, sariak beti izaten baitira pozgarriak, eta sorpresaz jasota badira, are eta gehiago.

Amodiozko gutun batean pentsatzean agian bestelako eskutitza etortzen zaigu burura. Zuk, amak alabari idatzitakoa aukeratu duzu.

Agian, horregatik izan zen sorpresa handia sariarena. Gaia ere sorpresa izan da jendearentzat irakurri duenean. Maitasun gutuna esatean bikote baten arteko maitasuna etortzen zaigu burura, baina ama eta alabaren artekoa ere izan daiteke, eta nik hori aukeratu nuen. Askok esan didate alde ilun edo tristeago bat ere baduela, baina hori errealitatearen parte ere bada.

Zer da bertan kontatzen dena?

Eskutitz hori emakume batek idazten du, neurologoaren kontsultatik atera berritan. Dementzia bat diagnostikatu diote, eta bere alabari idazten dio. Lehendik ere etxe horretan antzerako egoera batetik igaro direnez, emakume horrek badaki edo aurreikusi dezake nolako zaintza prozesua eramango duen alabak urte batzuk barru. Horregatik idazten dio gutuna, esanez, gorde dezala, eta indarra falta zaionean edo zaintzaren zailtasun une horiek agertzen direnean hartu dezala eskutitza eta irakur dezala. Gogoratu ditzala elkarrekin igarotako bizipen onak, eta gogoratu dezala zailtasun horietan ez dela bere ama, baizik eta gaixotasuna bera dela une horiek eragiten dituena. Galdu egiten denean, jendea ez duenean ezagutzen, gauzak zertarako diren ez dakienean, gauean lorik egiten uzten ez duenean... Une horietan ez dela bere ama, gaixotasuna dela esaten dio, baina, gainerako une guztietan bere ama dela, eta amak alaba maite duen moduan, alabak ere maite dezala ama.

Emozio handiko eskutitza da, gogorra.

Bai. Egia esan, maitasuna bada, emozioa bada, baina gogortasun hori ere hor dago. Hori ere errealitatearen parte da. Hain justu, hori zen nire asmoa, errealitatearen parte hori ikustea. Izan ere, zaintzaile askoren sentipena da beraiek bakarrik bizi dituztela gauza horiek. Eta, ez da horrela. Jende askok bizi ditu emozio eta egoera horiek. Nolabait hori azaleratzea bazen asmo nagusietako bat niretzat. Idaztea asko gustatzen zait, eta lanean ikusi eta bizitako egoera horiek islatu nahi nituen.

Psikologo eta gerontologo izanik, eta adinekoekin eta euren zaintzaileekin lan eginda, gertutik ezagutzen duzun errealitatea da.

Bai, oso gertutik ezagutzen dut. Lanean adinekoak nahiz zaintzaileak ezagutu eta ikusten ditut, eta jakin badakit, zaintzaile askoren sentsazioa dela ez direla zaintzaile sentitzen. Zaintzen dute, baina ez dute euren burua zaintzaile moduan ikusten.

Gutunak idazteko ohitura ba al zenuen?

Betidanik gustatu izan zait idaztea. Ez nuen gehiegi idazten, eta iaz animatu nintzen Bergaran dagoen idazle eskolan hastera. Adinekoen edo zaintzaileen inguruan zerbait idaztea zen nire helburua. Ariketa desberdinen artean gutun bat idaztea proposatu ziguten, eta nik hori egin nuen, eta lehiaketara aurkeztu nintzen.

Adineko bat zaindu behar izatearen errealitatea gertutik bizitzea egokitu al zaizu?

Uste dut gisa horretako egoeraren bat, gertuago edo urrunago, guztiok bizitu dugula. Ni txikia nintzela, nire amonak alzheimerra izan zuen, eta horren inguruko oroitzapen ugari ditut, bere gaixotasunaren garapena nolakoa izan zen, eta ingurukoek nola zaindu genuen. Horrek niri gerora lagundu dit gauza asko ulertzeko; zaintzaileek euren bizipenak kontatzen dituztenean eurei ulertzeko lagundu dit, esaterako. Hain justu, zaintzaile askok eskatzen dutena hori da, beraiek ulertzea, irudipena daukatelako jendeak ez dituela ulertzen.

Perfil jakin bateko pertsonak izan ohi dira adinekoen zaintzaileak, kasurik gehienetan emakumeak.

Pixkana-pixkana aldatzen ari da, eta ikusten ari da gizonezkoen parte hartzea geroz eta handiagoa dela, baina, hala ere, adin ertaineko emakumeak izan ohi dira nagusiki. Sandwich generazioa deitzen zaion fenomeno bat dago, euren senitartekoak zaintzen dituzten gurasoena, eta aldi berean, seme-alabak edota bilobak zaintzen dituztena. Horiek benetako zaintzaileak, letra larriz idatzitakoak lirateke. Bestalde, egia da, emakumea lan munduan sartu delako aldatzen ari dela perfila, baina, orain arte, etxekoandrea eta adinez nagusi izaten hasia izaten zen. Badago jendea ere, beren lana utzi beharra izan duena zaintzeagatik, baliabide asko ez daudelako. Gaur egun, ikusten da, baita ere, zaintzaile profesionalak ere badirela, emakumeak gehiengoa, eta etorkinak asko. Aipatu behar da, menpekotasuna duten persona gehienak emakumeak direla, izan ere, bizi itxaropena handiagoa de emakumeena gizonezkoena baino.

Adineko bat zaintzea egokitzen zaienek, jakiten al dute nola egin?

Oso zaila da, batez ere, sendiko bat zaintzea suertatzen zaigunean. Ez da gauza bera senitarteko bat ez dena zaindu, edo zure ama edo aita edo bikotea zaintzea. Errol aldaketak ematen dira, esaterako alabak amaren errola hartzen duenean eta ama alaba baten moduan portatzen denean. Egoera horietan bizipen eta emozio asko daude, istorio bat dago atzetik, eta hori guztia kudeatzea oso zaila eta gogorra da. Formakuntzak ere badaude sendikoentzat, eta prestaketa lana egiten da, egoera horri aurre egiteko. Zaintza fisikoak eta eragin emozionalak lantzen dira. Kasu askotan, ordea, jendeak ez dauka zaintzaile izatearen kontzientzia. Zaintze prozesua, baina, txikitatik egiten den zerbait da, guztiok baikara zainduak eta guztiok gara zaintzaileak beti.

Zure gutunean dementzia diagnostikatu dioten amaren azalean jarri zara, eta alabari gutuna idatzi diozu, gaixotasunak okerrera egingo duen unean irakurri eta indarra eman diezaion. Egoera berean aurkitzen den persona bati ariketa hori egitea gomendatzen al diozu?

Kasu gehienetan, ez esateagatik kasu guztietan, dementzia bat duen pertsonari ez zaio diagnostikoaren berri ematen. Beraz, nire eskutitzean fikzioaren alderdi hori dago, eta ez dut uste errealitatean horrelakorik gertatzen denik. Dena den, idaztea beti gomendatzen dut, barruan dituzun sentipenak atera ahal izateko oso baliagarria baita.

Zaintzaileei zein mezu idatziko zenieke zuk?

Zaintzaileak egoera on eta txarretarako daude, zailetan, baina, baita bestelakoetan ere. Pertsona batek dementziaren bat izango balu, nahiz eta jendea ez ezagutu, beti daki nor dagoen hor; ez du agian ezer esango gaitasun hori galdua duelako, baina nabaritzen zaio norekiko daukan gertutasuna. Zaintzaileek, askotan, hori behar dute, balorazio hori edo errekonozimendu hori. Zaindua den persona horrek, agian, keinuren bat egingo dio, baina oso zaila da hortaz konturatzea. Gainera, normalean, gauza negatiboak hartzen dira kontuan, eta horiek egoera horretan geroz eta gehiago ematen dira. Guzti honetan alde positiboren bat bilatzen saiatzeko esaten diet nik, beti heldu behar baitzaio zerbaiti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!