Larunbatean ospatuko dute Baliarrainen Gazte Eune. Aurtengoa ekimenaren bosgarren edizioa izango da, eta eguerditik gauera arteko egitaraua prestatu dute herriko gazteek. «Aurten ez dugu aparteko jarduerarik antolatu, eta urtez urte arrakasta izan duten hitzorduak mantendu ditugu», horrela hitz egin du Ugaitz Garmendia Baliarraingo alkate eta antolakuntzako kideak larunbateko ospakizunaren inguruan.
Aipatu bezala, 15:30ean hasiko dute egitaraua, eta mus txapelketa izango da lehen jarduera. Horren ondotik, 19:00etan hasiko dira Basabe garagardoak dastatzen, eta edariarekin batera kroketak izango dituzte salgai. Segidan elkarrekin afalduko dute gazteek, eta otordua amaitutakoan 00:00etatik 03:00etara DJ Nazak girotuko du gaua. Tartean, bingoa jokatuko dute, 01:00etan hasita, eta 03:00etan DJ Txinok hartuko du erreleboa, 06:00ak arte.
Urtero bezala, Baliarraindik jaisteko doako autobus zerbitzua jarriko dute larunbat gauean, hain zuzen, bi ordutan izango da: 03:00etan eta 05:00etan.
Argazki lehiaketa
Edizio bakoitzean jendea erakartzeko «jarduera bereziren bat» antolatu dute, eta aurten halakorik ez dutela prestatu aurreratu du antolakuntzako kideak: «Pentsatu genuen bosgarren edizioa zela-eta, zerbait berezia prestatzea. Baina, azkenean, urtero arrakasta izan duten hitzorduak mantendu eta horixe izango da».
Dena dela, aurtengoak ere izango du bere nobedadea: «Larunbat honetan ordu aldaketa tokatzen da, eta aukera baliatu dugu argazki lehiaketa moduko bat antolatzeko». Garmendiak azaldu du parte hartu nahi dutenek gauean bi argazki atera beharko dituztela: «Larunbatetik iganderako gauean bi aldiz izango da 02:59; aitzakia hori baliatuko dugu, eta parte hartzaileek argazki bana atera beharko dute ordu bakoitzean». Irabazlea aukeratzeko bi argazkien «antzekotasuna eta originaltasuna» hartuko dituzte aintzat, eta herriko Zartagi ostatuan bi pertsonentzako otordua izango da saria.
Baliarrain eta inguruak
Aurretik esan bezala, aurten hamarkada erdi bete du egitasmoak, eta urtero herriko gazteek ez ezik, inguruko herrietakoek ere hartzen dute parte: «Baliarrainen adin ezberdinetako gazteak elkartzen gar, eta lagunak zein kuadrilla inguruko herrietan ditugu askok. Bada, horiek ere urtero animatzen dira bertaratzera».
Halaber, antolakuntzako kideak nabarmendu du urtero izaten duela arrakasta Gazte Eunek, eta aurten ere ildo beretik izatea espero dute: «Eguraldiak eta inguruko herrietan zerbait izaten den edo ez... Horiek baldintzatzen dute jende gehiago edo gutxiago etortzen den, baina, orokorrean, beti izaten du arrakasta hitzorduak». Zentzu horretan, bertaratzera gonbidatu ditu interesa izan dezaketen gazteak: «Ondo moldatzen gara, eta beti ondo pasatzen dugu Baliarrainen. Ongietorriak izango dira guztiak».
Etorkizunera begira, berriz, erronka «belaunaldien arteko transmisioa» izango delakoan dago Garmendia: «Taldean urtetik urtera gero eta jende gazteagoa ari da sartzen, eta sekulakoa da hori, baina transmisioa ondo egitea garrantzitsua izango da. Pozgarria da erreleboa badagoela ikustea, eta ea martxa hartzen duten gazteenek».