Baliarrain lurretik zerura ezagutzeko ekimena

Ataria 2026ko ekainaren 4a

Lehen saioaren une bat, Baliarraingo plazan. ATARIA

Herriaren inguruko hegaztiak, landareak eta zerua ezagutzeko hiru saio egingo dituzte Baliarrainen. Dagoeneko egin dute lehena, eta udan zein udazkenean izango dira beste biak.

Baliarrainen herriaren inguruko izadia ezagutzeko egitasmoa jarri dute martxan. Baliarraingo udalak eta Zartagi guraso elkarteak antolatu dute egitasmoa Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, eta hiru saiotan hegaztiak, landareak eta zerua ezagutuko dituzte herriko familiek.

Maiatzaren azken egunean izan zuten herrian Aranzadiko Ornitologia Sailaren Txoribox saioa. Ingurumen-hezkuntzako proiektu horren barruan haurrei zuzendutako tailerrak egin zituzten hegaztien mundua ezagutzeko eta naturarekiko jakin-mina sustatzeko. Haur zein heldu, hogei bat parte hartzaile bildu ziren, eta Olatz Aizpurua ornitologoak gidatuta, hegaztiak behatzen eta identifikatzen ikasi zuten «modu dibertigarri eta praktiko» batean.

Hain zuzen, prismatikoak, teleskopioa eta hegaztien gidak nola erabiltzen diren ikasi zuten, eta baita hegaztiak nola identifikatu eta bereizi ere. Hortik harago, herriaren inguruan ibilaldi bat ere egin zuten hegaztiak ikusteko: Afrikatik migratutako espeziak zein urte osoa bertan pasatzen dutenak ikustea izan zuten helburu.


Olaitz Aizpurua ornitologoa parte hartzaileei azalpenak ematen. ATARIA

Udan, zerura begira

Aipatutako jardueraz gain, udan egingo dute bigarren atala, eta zerua izango dute aztergai. Tailer horretan astronomia landuko dute, eta ikasiko dute zein jarraibide erabili behar diren zerura begiratzean ikusten dena ezagutzeko. Teoriaz harago, gauez San Juan iturrira igo eta zerua behatuko dute teleskopioen laguntzarekin.

Antolatzaileek nabarmendu dute «espazio ontzi» bat bezalakoa dela lurra, eta «leihatiletatik ikusten dena» ezagutzeko balioko duela ikastaroak.

Udazkenean, basoan barna

Hegaztien eta zeruaren ondoren, udazkenean iritsiko da landareen txanda. Zuhaitzak «kulturaren eta bizitzaren» oinarritzat dituzte antolatzaileek, eta inguruko zuhaitzen zein landareen «bizitzan barneratu» egingo dira Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoarekin egingo duten mendi ibilaldi batean.

Iraganetik hona zuhaitzak gizartean errotuta egon direla nabarmendu dute antolatzaileek: «Babesa eman digute zuhaitzek; etxeak zein itsasontziak egiteko zura; berotzeko eta jakiak prestatzeko egurra; burdina lantzeko ikatza... Oraino eskaintzen digute hori eta gehiago: lanabesak eta musika tresnak, edertzen dizkigute jaiak, ekoizten dituzte hainbat jaki, elikatu abereak, sortu sendagaiak, hobetu airearen kalitatea eta eratzen dituzte ongizaterako ezinbeste ditugun natura esparruak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!