Baliarrainen txekor jatea egingo dute ostiralean

Ataria 2026ko apirilaren 27a

Baliarraingo iazko txekor jatearen une bat. J. MIRANDA

Ohitura duten moduan, maiatzaren 1ean egingo dute txekor jatea Baliarrainen. Bazkariaren aurretik haurrentzako herri-kirol jolasak eta trikitilariak izango dituzte.

Beste urte batez berrituko dute txekor jatearen usadioa Baliarrainen. Ohitura duten moduan, maiatzaren lehen egunean bilduko dira baliarraindarrak txekorra herri bazkarian jatera.

Azken 27 urteetan hutsik egin gabe prestatu dute hitzordua, eta 28. edizioa beteko du aurten. Jende andana gerturatzen da urtero-urtero, eta auzolanean antolatzen dute.

Egitarau osoa

Txekor jateaz gain, beste hainbat jarduera ere izango dituzte. Hain zuzen, 12:00etan umeentzako herri kirol jolasak egingo dituzte, eta, bazkariaren aurretik, 13:00etan hasiko dira Attola eta Maltzeta trikitilariak.

Bazkaria 14:00etan hasiko da, eta, ohi bezala, pilotalekuan bilduko dira txekorra dastatzera. Horren ondotik, bazkalondoa girotuko dute atzera Attola eta Maltzeta trikitilariek. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!