Dabilen herriari goroldiorik ez lelopean antolatzen dituzte hainbat eta hainbat ekimen Baliarrainen, eta, oraingoan, Esker on festa prestatu dute, hain zuzen, baliarraindarren «jarrera parte hartzailea» goratzeko. Estreinakoz egingo dute aurten, eta herritarrak zein bertako eragileak omentzea du helburu, besteak beste.
Amets Arteaga antolakuntzako kideak kontatu du «lan handia» egiten dela «herritik eta herriarentzat»: «Nahiz eta biztanle gutxi izan, oso jarrera parte hartzailea daukagu herrian, eta berehala lortzen da jendea edozein gauza egiteko laguntza behar denean». Hori horrela, borondate hori saritzeko antolatu dute larunbateko festa: «Beti lanean ibili beharrean, herritarrok ere merezi dugu festa egun bat guztiok ospatzeko».
Ostatua, ospatzeko leku
Baliarraingo Zartagi Ostatuan bilduko dira herritarrak 19:30etik aurrera, baina aurretik ilea apaintzeko zerbitzua emango du herriko Maiur ile apaindegiak. «Jendea dotore jartzeko aitzakia eta aukera emango du. Polita izango da pixka bat festa kutsu hori emateko eta egunerokotasunetik ateratzeko, finean, zerbait edo ospatzen ari garela irudikatzeko», horrela hitz egin du Arteagak ideiaren inguruan.
Ostatuan afari-merienda egiteaz gain, photocall gune bat ere jarriko dute jendeak argazkiak atera ditzan: «Hori da, behintzat, buruan daukaguna. Afaldu bitartean musika ere egongo da tabernan, eta hortik aurrera ez dakigu festa zenbat luzatu eta nola bukatuko den».
Eragile sorta
Arteagak adierazi du Baliarrainen 150 herritar inguru direla, eta hamar eragile inguru dituztela. Hain zuzen, larunbatean omenduko dituzte festa batzordea, Harkaitz elkartea, herriko gazteak, gurasoen elkartea, ekonomatua, herriko kirol taldea, irakurle taldea, Gau Beltzeko antolatzaileak eta udal taldea.
Festaren ideia kultur batzordean proposatu zutela kontatu du Arteagak eta, ondoren, «guztien artean» eman ziotela forma: «Era batera edo bestera, herritar guztiok hartzen dugu parte proiekturen batean. Auzolana oso bizirik dagoen herria da Baliarrain».
Estreinakoz egin dute aurten, eta etorkizunera begira «berriro egiteko aukera» egongo delakoan dago antolakuntzako kidea: «Oraindik ez dugu zehaztu, baina polita litzateke errekonozimendua urtero errepikatzea».