Baliarraingo Udaletxearen azpiko lokalean 2021etik daukate martxan ekonomatua. Galkorrak ez diren produktuak eskaintzen dituzte, batik bat; eta gertu ekoizten direnak lehenesten dituzte. Garbiñe Olaberria (Ikaztegieta, 1979) eta Jaione Olano (Baliarrain, 1973) bertako kideak dira, eta zerbitzuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Zer da ekonomatua?
Jaione Olano: Laburbilduz, inguruko ekoizleen produktuak jasotzeko eta herriari zerbitzua emateko sortu zen. Denetik dago bertan, baina gehienak galkorrak ez diren produktuak dira; ez dago produktu freskorik, ez gara horraino iristen. Urtean zehar eskaintza moldatzen dugu, baina horixe.
Garbiñe Olaberria: Pandemiaren garaian sortu zen proiektua; beharra, izatez, beti egon da, baina hor jarri ginen martxan. Dendarik ez da egon, tabernak funtzionatzen du, eta bolada batean itxita ere egon da. Pandemiaren garaian ikusi genuen zerbait-zerbait behar zela, nahiz eta oso zaila ikusten genuen hasieran.
Eta eredu hori aukeratu zenuten.
Olano: Bai, denda bat bere horretan ez genuen bideragarri ikusten; ez, behintzat, ohiko funtzionamendu batean. Pandemian inguruko ekoizleekin hasi ginen elkarlanean, eta eskaera egin aurretik zerrenda egin eta banaketan laguntzen genuen. Ideia hortik sortu zen, eta produktuak edukitzeko gune bat behar genuela ohartu ginen. 2021. urte amaieran jarri genuen martxan, eta gaur egun beste itxura bat ere hartu du. Hasierako produktuetatik ere zabaldu da eskaintza.
Olaberria: Elkarte baten moduan gaude antolatuta. Bazkide direnak edozein unetan etor daitezke, giltza daukagu. Eta bi modutan egin daiteke erosketa: unean esku dirutan, eta bonu bidez transferentzia eginda. Herriari zerbitzua emate aldera, udalak uzten baitigu lokala, astean behin txandaka ordubete irekita izaten dugu. Normalean asteazkenetan izaten da, 18:00etatik 19:00etara. Dena dela, ordu hori moldagarria izaten da, beharren arabera ere. Helburua da, dena dela, zerbitzu hori ziurtatzea; eta bazkideei eskatzen zaie urtean bizpahiru txanda egitea.
Hortaz, denda zerbitzua ere ematen duzue?
Olaberria: Betidanik eman dugu aukera. Horrez gain, bazkidea heldua baldin bada erosketa etxera eramaten laguntzeko ere prest agertu izan gara. Edo beste edozein ordutegitan zerbait behar izanez gero ere, zabaldu dezakegu.
Olano: Normalean nahiko ondo moldatzen gara. Ez dugu izan aparteko gorabeherarik. Eta halako behar zehatzik izanez gero, ondo moldatzen gara. Laguntzeko prest egoten gara.
Zenbat bazkide zarete?
Olaberria: Bada, 20 eta 25 bazkide artean izango gara, une honetan.
Olano: Etxe gehienetatik norbait bada bazkide, bai.
Zer esan nahi du bazkide izateak?
Olano: Ez du aparteko ezer eskatzen. Elkartearen parte izatea, eta, hau mantentzeko, herritarrentzat irekita izaten dugun egun horretan edo besteren batean produktuak antolatzen laguntzea, etiketak jartzea... Halako lan txikiak egitea, tarteka.
Olaberria: Bazkide izateko eskatzen da aurretik parte hartzen duten bi kideren babesa edo oniritzia. Seriotasun bat emateko eta konfiantza bermatzeko. Hortik aurrera, produktuak eskatzeko ardurak banatuta ditugu gure artean. Gauzak bukatzen doazen heinean elkarri abisatzen diogu; eta, adibidez, Jaione arduratzen da hornitzaileei ordaintzeaz eta diru kontuez.
Antolatzeaz guztiok arduratzen zarete?
Olaberria: Badaukagu talde txikiago bat pixka bat kudeatzeaz arduratzen dena; adibidez, produktu berriak lortu behar direnean edo. Baina eskaerak gehiago banatzen ditugu produktuen arabera: ekoizle batekin harremana izango du batek, eta beste batekin, beste batek.
Olano: Gero beti esaten dugu zerbait berria nahi izanez gero zabalik daudela ateak beti. Egin aurretik zehaztu behar da gutxi gorabehera zenbat ekarriko dugun, nola ekarriko dugun...
Olaberria: Aritzen gara eskaintza berritzen. Josu [Ozaita] aritzen da askotan, bi munduak lotzen dituelako [barrez].
Ez dira edozein produktu, zein irizpide dituzue?
Olaberria: Lehen irizpidea da ekoizpena ahalik eta gertukoena izatea. Bertakoa izatea. Horri ematen zaio lehentasuna. Horrez gain, ekoizpen ekologikoa izateari ere ematen diogu garrantzia. Hondakinak sortzea saihesteko hainbat produktu ontziratu gabe saltzen ditugu, adibidez, lekaleak. Inguruko herrietako ekoizleekin egiten dugu lan;edo horretan saiatzen gara, behintzat.
Herritarrek ba al dute ohiturarik bertan kontsumitzeko?
Olano: Eguneroko edo asteroko erosketa agian, ez. Hori, gehiago, bazkideek. Baina herritarrek badute ohitura zenbait produktu hemen erosteko.
Olaberria: Batzuk bizpahiru produktu beti hemen erosten dituzte. Guri, egia esan, gustatuko litzaiguke zabalik dagoen tarte horretan jende gehixeago etortzea. Prezioak, orokorrean, lehiakorrak izaten dira. Azken finean, ez dugu ia etekinik ateratzen; eta tarte txiki hori jartzen badugu da, askotan, produktuak aurretik erosi behar direlako eta hurrengo eskaerak egiteko aukera bermatzeko.
Olano: Ez da, inondik inora, etekina lortzeko zerbait. Dendaren antzeko zerbitzua bermatzeko proiektu bat da.
Zailtasunik izaten al duzue?
Olano: Produktuak hona ekartzea izaten da, agian... Gutxieneko kantitate bat eskatzen dute askotan, batez ere, lehen txandetan.
Olaberria: Proiektu honekin konturatzen zara denda bateko prezioak nondik datozen. Guk azken prezio hori ikusten dugu, baina atzean lana dago. Eskaerak egin behar dira, banaketa kudeatu, etiketak jarri... Denak du bere lana.
Zailtasuna gehiago da jendearengana iristea. Nahiko genuke guztiek hona jotzea; badakigu ez dela posible, norberak bere ohiturak dituelako. Gero beti neurtu behar dugu zenbat eskatzen dugun, hemen sartzen dena sartzen baita.
Olano: Mundiala litzateke produktu freskoak izatea, baina ez da posible momentuz behintzat. Zaila da, eta ez dakit bideragarria den ere, funtzionatzen dugun moduan.
Olaberria: Udaletxearekin, egia esan, oso ondo bideratu dugu. Lokala uzten digu, eta lehen erosketa hartarako ere aurreratu zizkigun baliabideak.
Interesa duenak zer egin beharko luke?
Olaberria: Herritarrei bideratutako proiektua da.
Olano: Gutxi gorabehera badakite nor garen, non ibiltzen garen... Guregana jo dezakete, eta, bestela, udaletxera deituz gero ere emango diete informazioa.
Olaberria: Ateak zabalik ditugu, eta jakin-mina izanez gero ere lasai galdetu edo ikus dezakete, inongo konpromisorik gabe. Ikustera etorrita ere ez da derrigorrezkoa zerbait erostea.
Olano: Gainera, asko aldatu da hasieratik hona ere. Orain beste itxura eta gorputz bat ditu proiektuak. Merezi du ikusteak.