Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, 1980) Nortasun agiria bakarrizketa egingo du Baliarrainen, bihar, larunbata 19:00etan. Jasandako harreman haustura bat, euskaldun ona izatea eta Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa —NOK— izango ditu hizpide.
Noiztik duzu 'Nortasun agiria' emanaldia martxan?
Martxoan estreinatu nuen, Donostian, Anoetako Keler espazioan. Niretzat sinbolikoa da urte asko eta gero Anoetan debuta egitea. Liburuaren aurkezpena bertan egin nuen eta bakarrizketaren estreinaldia ere bai. Hilabeteotan batera eta bestera ibili naiz Euskal Herrian zehar.
Emanaldi dezente egin dituzu, beraz.
Batzuk izan dira. Edozein antzezlanekin pentsatzen dut, eta bakarrizketarekin zer esanik ez: txisteek norbere buruan funtzionatzen dute, baina publikoaren barreak esaten dizu benetan funtzionatzen ote duten. Hasieran, bizpahiru emanaldietan duda horiekin ibili zaitezke, baina dagoeneko neurria hartuta daukat, badakit publikoak ondo onartzen duela eta sartzen dela bakarrizketan hasieratik bukaera arte. Esan dezaket ondo landua dagoela, eta Baliarrainera puntu-puntuan iritsiko naizela.
Harrera ona izaten ari dela dirudi.
Beste bakarrizketa batetik nator aurretik, Futbolistok izenekoa. Nire futbol ibilbidean oinarritzen zen, bideoak eta argazkiak erabiltzen nituen, eta horiek sinesgarritasuna ematen zioten. Orduan babes handia nuen ikus-entzunezko material horrekin, eta oso ondo funtzionatu zuen. Oraingoan mikrofono bat eta ni besterik ez gaude, eta zalantza horiek banituen. Aurreko lan bat ondo joan denean, baduzu presio hori, edo zeure buruari sor diozuna, behintzat hura bezain ona edo hobea izan dadila. Presioa norberak jartzen dio bere buruari, ikuslea ziur aski ez delako oroitzen aurretik zer egin duzun. Artistak bere buruari jartzen dion presio tonto bat da, publikoak orain lau urte-edo ikusi duelako aurreko emanaldia eta ez da orain konparazio lanetan hasiko. Beldur horrekin estreinatu nuen honako bakarrizketa. Zorionez hark bezain harrera ona edo hobea izaten ari da. Hemen komedia gailentzen da, baina zati batean beste gai batzuk ere aipatzen dira, batez ere osasun mentalekoak: antsietatea, depresioa... Gai horiekin umorea egitea ez da erraza, eta uste dut lortzen dudala hein batean. Baina bakarrizketaren zati handi batean jendea beste bidaia batera eramaten saiatzen naiz, ez hain komikoa, eta uste dut drama eta komediaren uztartze horrek egiten duela emanaldia aurrekoa baino borobilagoa.
«Drama eta komediaren uztartze horrek egiten du emanaldia aurrekoa baino borobilagoa»
Bakarrizketek komedia izan behar dute?
Bakarrizketak komedia izan behar duela dirudi, baina izatez bakarrizketa da pertsona bat bakarrik hitz egiten. Nik ez dut nahi inork bidaia txar bat izaterik nire bakarrizketarekin. Nik umorea erabili dut bizitza osoan arazoak gainditzeko, baina uste dut batzuetan gauzak gordin ere esan behar direla. Niri umoreak eta txisteak asko lagundu didate, eta beti horrela erakutsi ditut nire minak, baina uste dut zati batean txistearen maskara edo lagungarri hori alde batera utzi, eta publikoari ere gordin kontatu behar zaizkiola gertatu zaizkizunak. Gero, berriz ere umorera itzultzen naiz, eta umorez bukatzen dut bakarrizketa, baina erabaki nuen zati horretan bere gordintasunetik kontatu nahi nituela osasun mentaleko arazoak. Mezua komediarekin ere eman daiteke, eta ni orain arte egin ditudan bakarrizketetan istorio pertsonalak kontatzen ditut. Ez zait gehiegi interesatzen fikzioa, txisteak, sortzea. Beste batzuek egiten dutena gustatzen zait, baina ez nau gehiegi erakartzen. Bizipen pertsonalak kontatu nahi izaten ditut, eta askotan, era horretan zabiltzanean, beti esaten da komedia dela drama gehi denbora. Hau da, denbora pasa eta gero, edozein egoera damatiko komedia bilakatu daitekeela, eta horretan saiatzen naiz: nire egoera dramatikoak erabili, batzuk bigunagoak eta beste batzuk gogorragoak, eta denbora eta distantziarekin umore bilakatzea. Bakarrizketa honetan ere nahi nuen, umorerik egin gabe, tarte batean jendeak gauza gordinagoak entzutea.
Hiru gai dira nagusiki jorratzen dituzunak: bikote haustura mingarri bat, euskaldun ona izatea eta osasun mentaleko arazoak.
Bikote haustura batetik hasten da bakarrizketa, hori gertatu zitzaidalako orain ez asko. Hasieran oso traumatikoa izan zen niretzat, mingarria, baina pasatzen denean lortzen dut hori umorez erakustea, eta asko laguntzen dio norberari dolu hori pasatzen. Bakarrizketaren zati handi bat nahasmendu obsesibo konpultsiboari, NOK bezala ezagutzen denari, buruzkoa da. Nahiko ezezaguna den gaitz bat da, eta jende askori normal bizitzeko zailtasunak sortzen dizkio. Gizartearen % 2k pairatzen du, eta hala ere oso ezezaguna da. Mania bat duenak NOK bat duela esan ohi da, baina ez da gauza bera; ez dut epaitu nahi hori erabiltzen duena, ez baitut nahi nire mina biktimizatzerik. Gehiago diot ezezaguna den aldetik: benetan nahasmendu obsesibo konpultsiboa duenak oso gaizki pasatzen du, ez delako gai pentsamendu obsesibo, intrusibo, irrazional horiek kontrolatzeko, eta bizia izorratu diezaiokeelako.
Bizi guztirako da?
Kronikoa da; garunean gertatzen den desdoitze txiki batengatik garuna besteenak baino pixka bat obsesiboa bihurtzen da, eta hori hor dago bizi guztirako. Kontua da erremintak daudela nahasmenduak zu dominatu beharrean, zuk bera dominatzeko. Bidelagun izango dut bizi guztian; zorionez urteak daramatzat lanean, eta esan dezaket orain nik dominatzen dudala nahasmendu obsesibo konpultsiboa. Beti adi egon behar da, askotan badakizu pentsamendu obsesibo irrazional horiek sartuko zaizkizula, eta horiek ez badituzu dominatzen ataskatzen hasiko zara, edo espiral batean sartuko zara, eta denbora luzea pasa dezakezu obsesio horretan sartuta.
Biztanleriaren % 2k izatea bada zerbait.
Euskal Herrian hiru milioi pertsona inguru bizi bagara, 60.000 pertsonek izango lukete gaitza. Jende gehienak gaitz hau ezkutuan bizi du. Bakarrizketara etorri eta gero, jende askok idatzi izan dit urte hauetan guztietan. Aurrekoan, Futbolistok bakarrizketan, gai hau ere sartu nuen; motzago izan zen, ez nekielako jendeak bidaia hau egin nahi ote zuen. Ikusi nuen baietz, eta horregatik beste garrantzia batekin aipatzen dut oraingoan. Bada, jendeak asko idatzi dit pribatuan gaitz hori duelako edo bere seme-alabak duelako, eta desesperatuta daudelako. Hain justu, osasun mentaleko arazoak dituztenak eta beren familiak biltzen dituen Agifes Gipuzkoako elkartearekin ari naiz elkarlanean, eta aurreko astean lortu genuen Gipuzkoan nahasmendu obsesibo konpultsiboa duen jendea elkartzea eta elkarlaguntza bat ematea, bakarrik ez daudela ikusiarazteko. 10-12 pertsona bildu ginen. Proiektua da pixkanaka laguntza indibiduala ematea. Asmoa da elkarte bat sortzea, ez dagoelako ezer Gipuzkoan ezta Euskal Herrian ere. Bizpahiru psikologo daude espezializatuta, baina ez dago nora jo. Estatu mailan Granadan badago, Murtzian eta Extremaduran ere, baina Europan ez dago gauza handirik elkarte espezializatuen inguruan. Agifesen nahia da, ahal bada nire laguntzarekin, elkarte bat sortzea laguntza hori emateko.
Bakarrizketak egiteaz gain, bestelako ekarpena egiten ari zara.
Lehenengo bakarrizketa idazten hasi nintzenean, eta baita ondoren ere, Subcampeones liburua idazten hasi nintzenean, aitortuko dizut nire lehen asmoa ez zela jendea laguntzea. Ikusi nuen material narratibo interesgarria nuela, hau da, futbolari profesional bat nahasmendu obsesibo konpultsiboarekin. Gero ustekabean ohartu naiz jende asko dagoela gaitz honekin edota beste batzuekin: antsietatea, depresioa... On egiten die norbait eszenatokira igotzea eta naturaltasunez, eta gainera umorez batzuetan, gaitz hauek plazara lotsarik gabe ateratzea. Orduan konturatu nintzen jendeak lagungarri ikusten zuela, eta aitortuko dizut bakarrizketa honetan alor hori pixka bat gehiago jorratu nahi izan dudala: material narratibo interesgarria dago, baina gehiagora iristeko ahalegina egin dut. Granadan dago Europako elkarte garrantzitsuena NOK kaltetuak eta haien senideak laguntzeko. Aurten han egon naiz bizpahiru hilabetez, dena utzita, erreminta bila. Behin neure burua lagunduta ea beste batzuei laguntzeko aukera dudan. Hortik dator elkarte bat sortzearen ideia, Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez dagoelako ezer. Eta, sinistu iezadazu, jendea oso desesperatuta dago. Badaude beste gaitz batzuk medikazioak baretzen dituenak, baina entzun dudanez NOKarekin sortzen diren pentsamendu obsesio horiek kentzeko, momentuz ez dago medikaziorik.
Gizarteratzeaz gainera, jendeak ondo pasatzen du emanaldian.
Jendeak jakin dezala irria gailenduko dela dramaren gainetik bakarrizketan. Zorte pixka batekin, ezezaguna zuen zerbait ikasiko du; umiltasunez diot, ez bainaiz irakaslea ezta psikologoa ere.
Baliarrain bezalako herri txiki batean zer giro sortzen da horrelako emanaldietan?
Ziur aski giro politenetako bat. Antzokietan aritzea maite dut, eta antzoki handietan aritzeak norberari ilusioa egiten dio; antzokia betetzen bada, pentsa. Estreinatu eta gutxira Nafarroako Arantza herrian izan nintzen; herri txikia da, ez dago antzokirik, eta eskolako gimnasioan egin genuen. Oholtzarik ez zegoen eta jendea oso gertu zegoen. Han sortu zena antzoki askotan gertatu izan dena baino emotiboagoa izan zen. Artista baten bakarrizketa izan beharrean, ematen zuen lagun bat zerbait kontatzen ari zela lagunartean. Kasu horretan, nik hango lagunei. Oso polita izan zen, eta Baliarrainen espero dut, zorte pixka batekin, sortuko dela zerbait intimoa, gertukoa, eta lagun baten kontakizun bat bezalakoa izango dela.
Euskaldun ona izateari buruz ere hitz egiten duzu saioan. Zer da euskaldun ona izatea?
Gauza serio bat. Euskaldun ona edo eredugarria izatea gauza serioa da: gauzak ondo pentsatu behar dira esan eta egin aurretik. Batzuen begietara behintzat: euskaldun eredugarri izatea ez da erraza. Ironiatik jotzen dut zailtasun hori azaltzeko.
Futbolak badu tarterik emanaldian?
Nire bizitzan egin ditudan gauzetan futbolak tartea izan du. Oso gutxi aipatzen dut futbola, baina nire biziaren erdia bertan pasa nuen; NOK gaitza sortu zitzaidan garai hartan, eta ziur aski lehen mailako presio hori jasateko gai ez nintzelako izan zen. Derrigorrez, pixka bat bada ere, futbola sartu behar dut nire bakarrizketan, handik gauza asko etorri direlako.
«Askoz erosoago sentitzen naiz oholtza baten gainean, garai batean futbol zelai batean baino»
Telebistan ere aritu zara lanean. Zer ezberdintasun dago antzerkiaren eta telebistaren artean?
Telebistan grabatu egiten da, eta gero hor geratzen da betiko. Oholtzan gertatzen dena han geratzen da, eta horrek lasaitasun handiagoa ematen dit. Telebistan agian lotuago ibiltzen nintzen, inor ez molestatzeko, eta oholtzan lasaiago ibiltzen naiz. Bakarrizketaz gain, antzerkian ere ari naiz. Escape room izeneko antzezlan batekin nabil, eta Iker Galartzarekin Almazenean antzezlanaren hiru-lau emanaldi ditut abenduan. Beraz, nahiko lan badut gidoiak ez nahasten, baina gustura nabil. Uste dut oholtzan aurkitu dudala nire lekua, eta beti esaten dut askoz erosoago sentitzen naizela oholtza baten gainean, garai batean futbol zelai batean baino.
«Uste dut oholtzan aurkitu dudala nire lekua»
Gaur egun zure ofizioa zein den galdetuz gero, zer esango zenuke?
Asko kostatzen zait artista bat naizela esatea. Ni paraxutista bat bezala erori nintzen mundu honetan, ia nahigabe. Ez da nire bokazioa, eta dagoeneko 12 urte daramatzat honetaz bizitzen. Telebista, antzerkia, bakarrizketak... Liburua ere atera genuen, eta dezente saldu zen. Lotsa pixka bat ematen dit, baina dagoeneko artista naizela esan beharko nuke. Iruzurtiaren sindrome oso indartsua izan dut, baina hainbat urtez honetaz bizitu ondoren, aho txikiarekin bada ere, artista naizela esan dezaket.
«Aho txikiarekin bada ere, artista naizela esan dezaket»


