Larunbatean ospatuko dute gazte egunaren laugarren edizioa

Ataria 2025eko urriaren 15a

Baliarraingo gazteen artxibo irudia. Gaur egun zenbait ez dira herrian bizi, eta taldean hasi dira beste hainbat. ATARIA

Eguerditik iluntzerako egitaraua prestatu dute Baliarraingo gazteek. Doako autobus zerbitzua ere antolatu dute inguruko herrietatik igotzeko zein jaisteko.

Larunbatean ospatuko dute Baliarrainen Gazte Eune. Laugarren edizioa du ospakizunak eta eguerditik gauerako egitaraua antolatu dute herriko gazteek. Ohi bezala mus txapelketak zabalduko du eguna, eta 19:00etan hasiko da aurtengo nobedadeetako bat: boxeo erakustaldia Basabe garagardoen dastaketarekin batera.

Kattalin Urkiola Zubeldia (Baliarrain, 2006) gazte taldeko kideak aitortu du hasieran «pixka bat arrotza» iruditu zitzaiela Baliarrainen egiteko: «Eskualdeko beste herriren batean ere egin dutela-eta, gurean egitea proposatu zuen taldeko kide batek. Hasieran arrotz xamarra iruditu zitzaigun, baina ingurukoei galdetuta harrera ona izan zezakeela ikusi genuen».

Boxeoa nobedade
Inguruko herrietako hiruzpalau bikote igoko dira ringera, eta ikuskizunarekin batera aukera emango dute Basabe garagardoak dastatzeko. Urkiolak aurreikusi du «saltsa pixka bat» sortuko duela ekimenak, eta jendea erakartzeko beste hitzordu bat ere ekarri du gogora: «Gauen Anoetako gazte bat ariko da DJ lanetan, eta bertatik autobusa antolatu dutela ere esan digute».

Hain zuzen, Baliarrainera joateko eta bertatik itzultzeko doako autobus zerbitzua prestatu dute: «Horrela jendeari erraztu egingo diogu herrira etortzea, eta seguruagoa izango da». Udalak diru laguntza eman die ekimena antolatzeko, eta horrela aukera izan dute Ezpalak talderen kontzertua antolatzeko ere: «Haien musika gustatu zitzaigun eta herrirako egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Laguntzarik gabe, ordea, zailagoa izango litzateke taldea lortzea».

Eskaintza berrituta
Urteroko hitzorduak ere mantendu dituzte, horien artean, mus txapelketa eta gazteen afaria. Azken horretan, ordea, bada berritasunik: orain arte gazteen artean egiten zuten eta oraingoan, berriz, catering enpresa batekin antolatu dute.

Urkiolak azaldu du eguneko gainerako hitzorduek ere «lan handia» eskatzen dutela, eta afariko lan-karga arintzea izan dela helburua, antolatzaileek ere egunaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Ekimena prestatzen hamar eta hamabost lagun artean aritu dira, eta aurten 14 eta 15 urte inguru dituztenen belaunaldi berriak —zeinak ez dauden irudian— ere hasi dira laguntzen. Lanari «tamaina hartu» diotela aipatu du Urkiolak, eta baita urtez urte eskaintza hobetzen saiatzen direla ere.

URRIAK 18, IV. GAZTE EUNE

  • 15:30. Mus txapelketa.
  • 19:00. Boxeo erakustaldia eta Basabe garagardo dastaketa.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 00:00. Ezpalak taldearen kontzertua.
  • 01:15. Bingoa.
  • 01:45. DJ Gorilazzo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!