UEMAk antolatutako udalekuek, udalerri euskaldunetako gazteak saretzea du helburu, euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzearekin batera. Atzo goizean heldu ziren Baliarrainera aurtengo Salto! udalekuen lehenengo txandan parte hartzen ari diren 60 gazteak. Baliarraingo plazan zain zituzten udalekuaz arduratzen ari diren Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileak, eta lehen harreraren ondoren, elkarren berri izaten hasteko ezagutza-jolasak egin zituzten egunean zehar. Gaurko eguna ere Baliarrainen igaroko dute, eta bihar goizean abiatuko dira Zaldibia aldera.
Bigarren txandaren hasiera uztailaren 2an
Bigarren txandan parte hartuko duten beste 60 gazteek ere, Baliarrainen ekingo diote udaleku ibiltariari, uztailaren 2tik aurrera. Uztailaren 4a bitarte bertan egongo dira eta ondoren, Goierri aldera joko dute.