Giro herrikoia Baliarraingo Txekor jatean

Ataria 2025eko maiatzaren 1a

180 kiloko txekorra prestatu dute eta 170 lagun inguru gerturatu dira bazkarira.

Urteroko ohitura jarraituz Txekor jatea egin dute gaur Baliarrainen. Elosegiko txekorra, herrikoa bertakoa dastatu ahal izan dute bertaratu direnek; 180 kiloko pieza, gauerditik kozinatzen aritu direna. 170 lagun inguru bertaratu dira herriko frontoira herri bazkarian parte hartzeko. 

Goizean umeentzako herri-kirol jolasak eginez abiatu dute eguna eta eguerdi aldera bildu dira plazara Unai Izagirre Attola eta Aritz Garmendia trikitilariak. 14:00etarako zuten hitzordua baliarraindarrek frontoian: txorixo egosia, txekorra entsaladarekin eta Larretako arroz esnea, kafea eta kopa izan dituzte bazkaltzeko.

Gauerdian jarri dute txekorra erretzen eta 12 ordu baino gehiago eman ditu sutan. Dozena bat lagun aritu dira bi orduko txandatan haragia gainbegiratzen eta ordu erdiro eman diote buelta. 14:00etarako prest izan dute. Beste 15 bat laguneko taldea aritu da mahaiak zerbitzatzen.

Auzolanean antolatu dute gaurko eguna Baliarraindarrek, azkeneko 27 urteetan bezala. «Jendeak etortzen jarraitzen duen bitartean guk segiko dugu txekorra prestatzen», esan du antolaketan aritu den herritarretako batek.

Karretilkada bat produkturen zozketa egingo dute bazkalostean eta, arratsaldea girotzeko, trikitilarien bigarren saioaz gozatuko dute baliarraindarrek.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!