Baliarrainen etzi ospatuko dute ‘Gazte Eune’

Ataria 2024ko urr. 17a, 16:00

Baliarraingo lehen Gazte Eguna, 2022an. ATARIA

Hirugarren edizioa izango du aurten ospakizunak, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Afarirako aurretik eskuratu behar dira txartelak eta, dagoeneko, 160 inguru saldu dituzte.

Larunbatean, urriaren 19an, ospatuko dute Gazte Eune Baliarrainen. Hirugarren aldiz ospatuko dute eta egun osorako jarduerak antolatu dituzte.

Ugaitz Garmendia Baliarraingo alkatearen hitzetan hori da «berritasun nagusia». Orain arte ostiral iluntze batean egiten zuten ospakizuna eta aurten, berriz, larunbatera eta «egun osora» egin dute apustu. Garmendiak azaldu duenez, «herritar guztientzat» zabaltzea izan dute asmo: «Beste urteetan guraso eta haurrak pixka bat lekuz kanpo sentitzera irits zitezkeen, gazte asko elkartzen ginelako eta iluntzean zirelako jarduera guztiak». 

Oraingoan, berriz, goizetik hasiko dute egitaraua mendi ibilaldiarekin eta, ondoren, hamaiketakoarekin. Baina arratsalderako ere prestatu dute eskaintza: erromeria eta garagardo dastatzea izango dituzte, besteak beste. Afarian, berriz, urtero elkartzen dira helduak eta gazteak eta iragarri dutenez, aurten, dagoeneko saldu dituzte 160 txartel. 

Aurrera begira lanean
Aurreko urteetako edizioen ondoren hausnarketa saioak egin eta ondorioztatu dute «zerk funtzionatzen duen» eta «zerk ez». Hori horrela, gaur egun antolatzea «errazagoa» dela nabarmendu du Garmendiak.

Alkateak azaldu du, aurten, hogei bat gazte aritu direla eguna antolatzen eta gogobeteta hitz egin du giroaren inguruan: «Hamalau urte inguruko gazteak ere animatu ditugu parte hartzera. Horrela, etorkizunean, errazagoa egingo zaie taldera gerturatzea». Urtero «balorazio positiboa» egiten dutela ere gehitu du, eta larunbatean gerturatzera «animatu» ditu inguruko herrietako gazteak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!