Jokin Eizmendik jantzi du txapela Baliarrainen

Ataria 2024ko maiatzaren 20a

Bost harri jasotzaile izan dira lehian II. Ibiur Harrie Txapelketan. Eizmendiren lehen parte hartzea izan da, eta bera nagusitu da hamahiru jasoaldi emanez. 

Txapelketa 2018an egin zen lehenengo aldiz, Ibiur bailaran topatutako 158 kiloko harri baldarrarekin. Orduan Aimar Galarragak lortu zuen txapela, baina aurtengoan bigarren postuarekin konformatu behar izan du; hamar jasoaldi egin ditu, orain sei urte egin zuen kopuru berbera. Mikel Loptegi Urra izan da hirugarren, bederatzi jasoaldi emanez. Gorka Etxeberriak zazpi jasoaldi egin ditu, laugarren postua lortuz; orain sei urte bost eman zizkion. Gari Garmendiak bosgarren amaitu du, bost jasoaldi emanez. Harri jasotzaileek zazpi minutu izan dituzte bere saioa egiteko.
 
Gizonezkoen bigarren txapelketarekin batera, emakumezkoen erakustaldia izan da, Errekalde harriarekin, ia 85 kiloko harri baldarra. Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Garazi Ansa harri jasotzaileak aritu dira txanda librean zazpi minutuko tartean, eta hirurek jaso dute harria. Hemendik lau urtetara egingo da gizonezkoen hirugarren Ibiur Harrie Txapelketa eta emakumezkoen lehenengo Errekalde Harrie Txapelketa.
 
Argazkiak: Josu Ozaita

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!