Edurne Jauregiri esker ona

Ataria 2024ko maiatzaren 20a

San Isidro eguna, nekazarien eguna baliatuta, omenaldia egin zioten larunbatean Edurne Jauregiri Baliarrainen. Izan ere, Irabi Azpiko baserritarra jubilatu berri da, bizitza osoa baratzari eskaini ostean, eta asteazkenero Ordiziako azokan postua jarriz.

Omenaldia gidatzeko ardura Aitziber Arteagak izan zuen, eta Edurne Jauregiren bizitzari errepasoa egin zioten, ume garaitik hasita, bizi estiloan sakonduz, naturarekiko harremanean geldialdia eginez, eta harremanen garrantzia azpimarratuz. Herri osoaren inplikazioa txalotu zuen Arteagak: «Jubilaziora iristeko tarte horretan badaude pertsonak gauza bereziak egiten dituztenak, halaxe, herria elkartu eta esker ona merezi dutenak».

Baratzezaintzak bizia eman dio Edurne Jauregiri: «Zure bizi estiloa izan da. Baratzeak, diruak ematen ez dituen gauza asko ematen ditu». Baratzezaintzak gainera, harremanak ehuntzeko bidea eman dio urteen poderioz baliarraindarrari: «Lagun asko eman dizkizu azokak, ia anai-arreba sentitzen dituzunak».

Baliarrain Euskal Herri mailan ezagun egitearen ardura egotzi zioten larunbateko omenaldian: «Eta Baliarrain mapan jarri duzu. Baliarrain produktu onekin lotu, baratzegintza ona egiten den herri izaera eman».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!