Bost harri jasotzailek egingo diote aurre Baliarraingo harriari

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 16a, 11:57

II. Ibiur Harrie Txapelketa antolatu dute larunbat honetarako, puntako harri jasotzaileen parte hartzearekin.

Ibiur Harrie harri jasotze txapelketa antolatu dute bigarrenez Baliarrainen. Larunbatean izango da jokoan, 18:00etan hasita, herriko frontoian. Lehenengo aldia orain dela sei urte izan zen, abuztuan, herriko festetan, eta orain berriro heldu diote ekitaldiari. «Gaiari buelta batzuk ematen egon gara, eta pentsatu dugu lau urtez behin egingo dugula hemendik aurrera, Olinpiar Jokoen urtearekin bat eginez, San Isidro egunaren bueltan», azaldu du Jokin Garmendia antolakuntzako kideak. Sarrera doan izango da, eta 1.500 euroko balioa duen otarraren zozketan parte hartzeko txartelak jarriko dituzte salgai.

Ibiur bailaran topatutako eta 158 kiloko pisua duen harri baldarrarekin egiten da txapelketa. Aurtengoan bost harri jasotzaile izango dira lehian: Gari Garmendia, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi Urra. Zazpi minutu izango ditu bakoitzak ahal dituen jasoaldi gehien emateko. Batetik bestera, hiru minutuko tartea izango da.

Galarragak eta Etxeberriak errepikatu egingo dute, eta beste hirurak lehen aldiz ariko dira. Galarragak hamar jasoaldi eman zizkion lehenengo txapelketa irabazteko. «Gaur egun puntan dabiltzan harri jasotzaileak dira», dio Garmendiak. «Faborito bat esatea zaila da harri baldarrekin, baina lehia handia izango dela espero da. Harri luzea da eta heldulekurik gabe, beraz, harri jasotzailea txiki samarra bada eta beso motzak baditu, behetik ateratzeko zailago izango du».

EMAKUMEZKOEN TXAPELKETAREN AURKEZPENA

Azkenaldian emakumezko dezente ere harri jasotzen dabiltzanez, larunbatean egingo den txapelketarekin batera, emakumezkoen txapelketaren aurkezpena egingo dute. Topatu duten beste harri baldar batekin, ia 85 kilokoa, erakustaldia egingo dute Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Garazi Ansa harri jasotzaileek. 7 minututan txanda librean ariko dira hirurak, ikusteko nola moldatzen diren harri berriarekin. Emakumezkoen lehen txapelketa hemendik lau urtetara egingo da, gizonezkoen hirugarren aldiarekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!