Joxe Miel Barandiaran antropologo, etnografo eta apaiza oroitzeko hainbat ekimen egin dituzte Baliarrainen: batetik, hari buruzko informazio panela jarri dute herriko plazan; eta, bestetik, ipuin kontaketa antzeztua egingo dute maiatzaren lehenean. Nondik datorkie, baina, interesa? Josu Ozaita herriko zinegotziak kontatu du Barandiaran Baliarraingo apaiz etxean aritu zela humanitateak eta latina ikasten.
Lotura horretatik abiatuta pentsatu dituzte aipatutako bi egitasmoak. Ipuin kontaketa antzeztua Jentilen baratza kultur elkartearekin elkarlanean antolatu dute, eta ordubeteko saioan Barandiaranek jasotako ipuinak kontatu eta antzeztuko dituzte eta aukera izango da «pertsonaia mitologikoak ikusteko» ere. Ozaitak azaldu duenez, duela lau urte adostu zuten emanaldia, baina pandemia iritsi zela-eta bertan behera geratu zen egitasmoa.
Memoriaren garrantzia
Bai panela, bai antzezlana helburu berari jarraiki antolatu dituzte: Barandiaranek bildutako istorioak eta antropologoa bera oroitzea: «Garrantzitsua da informazio transmisioa bermatzea, eta horretarako modu oso polita da antzerkia. Ipuinen bidez oso atsegina da umeentzat gauzen berri jakitea».
Asmo berarekin diseinatu dute informazio panela. Herriko plazan aurretik ere bazen beste panel bat eta hartan denetik zuten bilduta: mendiko ibilbideak, herriari buruzko informazioa eta «zutabe txiki bat» Barandiaranen historiarekin. Orain, berriz, bi panel dituzte: batak, herriaren inguruko mendi ibilbideak ditu; eta, besteak, Barandiarani buruzko informazioa.
Ozaitak aipatu du «oso modu sinplean» bada ere, haren bizitzaren «laburpen moduko bat» dela: «Bertan ikusi daiteke zein garrantzia izan duen euskal kulturan, Baliarrainekin zein lotura duen, zein lan egin dituen, kanpoan izan zela ihesi eta itzuli zela, eta baita oso garrantzitsua izan dela ere baserriko ohiturak eta jakintzak jasotzeko garaian».