Urte berri, ur berri Baliarrainen

Ataria 2023ko abenduaren 31

Urteko lehen egunean, San Juan iturrira oinez joateko ohitura berria sustatu nahi dute Baliarrainen. Bertako iturriko ura edanez ama-lurrari esker ona adierazi eta urtea animoz hasi nahi dute.

Urtarrilaren batean, urteko lehen egunean, San Juan iturrira joateko ohitura berria sortu dute Baliarrainen. Herritarrak etxetik oinez igoko dira eta bertako iturrira hurbilduko dira. Iturriko urarekin, lehenik, eskuak eta aurpegia garbituko dituzte, eta ondoren, urteberriko lehen ur basokada edango dute.

Botila batean ur berria hartu eta eguerdiko bazkarian mahaian elkarbanatzeko deia ere luzatu dute ohitura berria sustatu nahian dabiltzan herritarrek. «Ura elkarbanatuko dugu mahaian, ura eta naturari errespetua adieraziz; ura edaten dugu ilusio eta bizipoza edanez, urtea animoz hasteko; biziberritu egiten gara, garbitu; esnatu egiten gara, urte berriari ideia eta asmo berriekin ekiten diogu; zalantzak argitzeak, bide berriak hartzea ekar lezake».

Urte berri egunean, beraz, San Juan iturrira oinez gerturatzeko deia luzatu diete baliarraindarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!