«Herriaren etorkizuna ez dago gure esku bakarrik»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko urr. 25a, 07:58

Aurrera  begira gazteek herrian bizi ahal izatea eta herria hobetzea dute helburu; herritarrei laguntza eta pazientzia eskatu dizkie.

Lehen aldia izango du Baliarraingo Udalean Ugaitz Garmendiak (Baliarrain, 2000). Taldeko gehienak ere estreinakoz ariko dira udalean, baina alkatearen arabera «gogotsu» daude. Etorkizunera begira gazteak herrian geratzea dute helburu.

Lehen agintaldia duzu. Nola sentitzen zara?

Beste herri bateko alkate batek esan zuen bezala, alkatetzan sartzea da martxan doan tren bati atzetik heltzea eta pixka bat estropezu eginez bezala joatea, eta lortu arte pixka bat gainera igotzea... Taldetik bakarra da aurretik ibilitakoa, gainerakook lehen aldia dugu udaletxean. Hasieran martxa hartu arte bilera asko dira, ulertu nola funtzionatzen duen, zer dagoen martxan... Eta aurrera begira jartzeko ere ez dugu denbora askorik izan. Baina, bestela, gogotsu gaude; eta iruditzen zait asko ikasiko dudala.

Baliteke norbaiti deigarria iruditzea zure adina.

Ez dakit ingurukoek zer pentsatuko duten, baina hemen herrian egon zen alkate bat ia hogei urtez. Baina hark utzi zuenetik beti joan da jendea txandakatuz; eta txandakatzeko ere jende asko ez daukagu herrian. Azken zortzi urteetan pasako ziren hamar bat pertsona udaletxetik. Aurten ere beste bostek sartu behar zuten eta nire erabakia berez izan zen talde horretan sartzea. Azkenean, orain sartu edo lehen aldiz sartu berrogei urterekin, berdin-berdin ikasi egin beharko nuke, hemen inor ez baita profesionalki politikoa. Alkate izatearekin, berriz, aurrekoak txandakatuz ibili ziren kargu hori pixka bat banatzeko. Orain ni nahiko libre nabil, oraintxe bukatu baititut ikasketak. Goizak-eta libre samar ditudanez eta denbora gehixeago... Ez dakit lau urte iraungo ditudan edo aurretik baten bati aldaketa eskatuko diodan. Agian herrikoak ez direnak gehiago harritzen dira, baina herriko errealitatea ulertzen dutenak nik uste ez direla asko harritu adinaren kontuarekin.

Nolakoak izan dira lehen asteak?

Hasieran inguruko erakundeetatik bilera asko genituen, eta gure artean hitz egiteko ere gauza asko. Epea ireki zenean inork ez zuen izenik eman nahi, eta beti bezala dena azken momentuan izan zen: azken egunean bost izen aurkeztu genituen. Baliarrainen ez da beste herri batzuetan bezala programa bat prestatzen duzula, aurkeztu egiten duzula, hauteskundeak... Hemen bost herritar prest baldin badaude, zuzenean doaz barrura; eta jendeak gustu handiz ematen dizu botoa aurkezte hutsagatik. Orain ikusi dugu zer dagoen martxan eta horri heltzen ari gara. Horrez gain, herri txikia bada ere elkarte asko ditu, eta haiekin elkartzen hasi behar dugu ikusteko zein behar ikusten dituzten eta pixka bat forma ematen hasteko aurrera begirakoari.

 

Aurrera begira zein proiektu dituzue esku artean?

Atarian bertan azaldu zen azterketa demografiko bat, non ikusten zen Baliarrain dela eskualdeko herri gazteena edo gazteenetakoa behintzat: biztanle gehiago daude hogei urtetik behera, hirurogei urtetik gora baino. Horrek esan nahi du hemendik urte batzuetara dezente aldatuko dela herriko errealitatea. Hori horrela, nahi baldin badugu gazte hauek herrian bertan geratzea, oraintxe bertan ez dago aukerarik. Hirigintza kontuetan plano orokorra azkenekoz berritu zen 2006an edo... Eta horrekin martxan jarri gara, batzorde bat osatu dugu... Proiekturik handiena hori izango da, eta hortik aurrera izango da ikustea bakoitzak zein behar identifikatzen dituen, eta nola hobetu dezakegun herria pixkanaka.

Zailtasunik aurreikusten duzue?

Zailtasun orokorra da herri txikia izanda baliabide handirik ez daukagula. Ez daude baliabide pertsonalak, eta ezta ere ekonomikoak. Langile bakar bat daukagu lanaldi erdira, eta idazkaria etortzen da astean egun bat eta erdiz. Udaletxearen gobernuan gaudenok ere ez gara dedikatzen honetara, eta ni orain pixka bat libreago nabilelako, baina... Beste toki batzuetatik denbora kendu behar da honi eskaintzeko. Ekonomikoki, berriz, diru laguntzen menpe gaude; laguntzak lortzeko ere lanketa bat egin behar da: proiektuak erredaktatu, prestatu... Eta horrekin ere ez da ziurra. Orduan, diru laguntzak iristen ez badira proiektu handirik martxan ezingo dugu jarri edo zailtasun handiak izango ditugu; hori ziur.

Zer du hobetzeko Baliarrainek?

Nik uste herri bezala nahiko ondo funtzionatzen dugula. Gero etorriko dira kezka gehiago ere, ziur. Jendearen kezka pertsonalak ere etorriko dira, eta horiei nola erantzun ere aztertu beharko da. Agian, herri handiagoetan udala urrunago bezala ikusten dela. Hemen, berriz, gertukoagoa da eta hori batzuetan onuragarria den bezala, zailtasunak ere ekar ditzake. Adibidez eskaeraren bati ezezkoa ematerakoan zailagoa da, pertsonalago bezala hartzen direlako. Askotan ez da kontuan hartzen ez dela gure nahia, baizik eta ez dela posible izaten.

Zer eskatuko zenieke herritarrei?

Agian erraza da esatea baina, eman diezaiotela balioa udaletxeko lanari; eta, bide beretik, pazientzia pixka ba ere bai: hau ez da gure lanbidea, ikasten ari gara eta ahal duguna egiten dugu. Eskatuko nieke ahal duten heinean ere laguntzeko. Orain udaletxean gu egoteak ez du esan nahi erabaki guztiak guk hartu behar ditugunik; ez dugu hori nahi. Herriaren etorkizuna ez dago gure esku bakarrik, eta saiatzen gara erabaki garrantzitsuak herriarekin elkarbanatzen eta haiei galdetzen.

Erlazionatuak

Ugaitz Garmendia, Baliarraingo alkatea

Aitor Arroyo Askarai 2023 urr 25 Baliarrain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!