Baliarraingo Ama Birjin jaien bigarren eguna ospatzen ari dira gaur, eta kirola eginez hasi dute goiza; maratoi eta toka txapelketarekin. Maratoiarekin abiatu dira lehenik, eta herriko haurrak izan dira parte hartzen lehenak. 0 eta 7 urte bitarteko txikiek herriguneari buelta bat eman behar izan diote, eta ondoren, 8 eta 14 urte bitartekoen txanda izan da. Hauek, ordea, herrigunean bi buelta eman behar izan dituzte, eta helduek berriz, hiru buelta.
Maratoiaren ostean, toka txapelketa egin dute. Hemen ere parte hartzen lehenak 0 eta 4 urte bitarteko haurrak izan dira. 5 eta 14 urte bitartekoen txanda izan da ondoren, eta helduak izan dira tokan parte hartzen azkenak. Hainbeste kirol egin ondoren, gose pixka bat ere sartu zaie baliarraindarrei. Bakailao kazuela eta haurren pintxo lehiaketa egin dira, eta bazkal orduan prestatutako bakailao eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da.
Arratsaldean; festan jarraituko dute Baliarrainen eta honako hau izango da egitaraua:
- 14:00. Norberak ekarritako bakailo bazkaria.
- 16:00. Puzgarriak.
- 18:00. UT taldea.
- 20:00. Zahagi ardoa.
- 22:30. Izer eta Alabierrekin dantzaldia.