Festetan murgiltzeko prest

Endika Apalategi Labayen 2023ko abuztuaren 10a

Abuztuaren 13tik 15era, Ama Birjin jaiak ospatuko dituzte Baliarrainen. Urteroko hitzorduen artean, Jexux Nazabalen oroimenezko 59. txirrindulari igoera egingo da. Aurtengo berritasuna: abuztuaren 14an egingo den bakailao kazuela lehiaketa.

Abuztuaren 13an hasi, eta abuztuaren 15a bitarte, Ama Birjin jaietan murgilduko dira baliarraindarrak. Hiru egunetan zehar, mota guztietako ekitaldiak izango dituzte festaz gozatzeko. Txupinazoa lehertzeko ohorea herriko ile-apaintzailea den Larraitz Alonsok izango du, Baliarraini eman dion guztia eskertze aldera.

Lehen egunean, haur jolasetatik hasita, herritarren arteko herri kirolak ikusteko aukera izango da. Lehen eguna amaitzeko, herri afaria egingo da, eta Obaneukeren dantzaldiarekin alaituko dute gaua.

Hurrengo egunean, abuztuaren 14an, 13:00etan egingo den bakailao kazuela txapelketa izango da berritasun nagusia, haurren pintxo lehiaketarekin batera. Sukaldeko lanak amaitu ostean, norberak eramandako bakailao bazkaria egingo dute, eta egun amaieran, Izer eta Alabierrekin dantzaldia izango da.

Ama Birjin egunean, Jexux Nazabalen oroimenezko bizikleta lasterketa egingo da. Aurtengoa, 59. txirrindulari igoera izango da, eta antolatzaileek esan dutenez, «edonork hartu dezake parte». Arratsaldean berriz, pilota partidak eta sagardo dastaketa izango dira ekitaldi nagusiak. Ama Birjin jaiei itxiera emateko, Muxutruk taldearen dantzaldiaz gozatzeko aukera egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!