Aurre alertan dago une honetan Ibiur urtegia, edukieraren %76 beteta

Irati Saizar Artola 2023ko uztailaren 5a

Azken bost urteetako zifrarik baxuena du, une honetan, Ibiur urtegiak; Gipuzkoako Urak agentziak esan du, momentuz, egunerokoan ez duela eraginik izango.

Azken boladan eguraldi txarra egin duela eta kexu zen jendea, bada, ez du horrelakorik erakusten Ibiurko urtegiak. Egun euritsuak izanagatik, urtegiak bere edukieraren %76,22 du beteta. Azken bost urteetako zifra txikiena dela jakinarazi du Gipuzkoako Urak agentziak. 

Ibiur urtegiak Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Tolosa, Ibarra, Belauntza, Irura, Anoeta, Amasa-Villabona, Asteasu, Zizurkil, Hernialde eta Andoain udalerriak hornitzen ditu; denera, 52.000 biztanle. Urtegiak 7.575.197 metro kubikoko edukiera du, beteta dagoenean. 

Iazko azarotik aurtengo martxora aurre alertan izan da urtegia. Martxotik maiatzera,berriz, alerta egoera markatu du edukierak. Azken hilabeteetan gora egin du edukierak, nahiz eta une honetan oraindik aurre alertan izan. 

Gipuzkoako Urak agentziak esan duenez, edukieraren zifrak momentuko egoera deskribatzen du, ez du pistarik ematen baliabidearen autonomiaz. «Gure aurreikuspenak momentu honetan ditugun edukiera datuen araberakoak dira, eta bataz besteko kontsumoa hartzen dugu kontuan. Momentu honetako datuek erakusten digute, datorren urteko udaberrira arte ur baliabideak izango ditugula», azaldu dute. Ibiurko urtegia aurre alertan egonagatik, egunerokoan ez duela eraginik izango diote. «Hala ere, jarraipena gertutik egiten jarraituko dugu, kontsumo ohitura eta jarduerak ere aztertuz». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!