Txekor jatea, galdu ezin den hitzordua Baliarrainen

Irati Saizar Artola 2023ko api. 18a, 07:59

Apirilaren 30ean izango da txekor jatea eta aurrez txartelak erosi beharko dira ostatuan; mende laurdena beteko du otorduak.

Hogeita bost urte atzera eginda antolatu zuten, lehen aldiz, txekor jatea Baliarrainen. Mende laurdena betetzeko, apirilaren 30ean izango dute hurrengo hitzordua. Bazkarirako txartelak Baliarraingo ostatuan eskuratu daitezke, igandera bitarte 30 euroren truke, eta igandetik aurrera 35 euroren truke. 

Galdu ezin den urteroko hitzordua bilakatu da txekorra jateko eguna baliarraindarrentzat. Herritar talde bat aritzen da lanean guztia prestatzen, tartean, Jokin Garmendia, Juanjo Nazabal eta Julian Bereziartua. Herritarrez gain, inguruko herrietatik ere gerturatzen dela jendea diote; denera, 200 pertsona ingururentzat prestatzen dute, eta, aurten ere, zifra horietara gerturatu nahi dute.  

Urtero bezala, frontoian izango da bazkaria, eta Imanol eta Iñaki trikitilariak ariko dira bazkalostea girotzen. Aramako lorezaina ere bertan izango da, loreen postuarekin. Bazkaltzeko, txorizo egosia izango dute lehenik, eta nahi adina txekor haragi ondoren, letxugarekin. Postrerako pastelak izango dituzte. 

Gimnasioa muntatzeko

Duela hogeita bost urte hasitako festak jarraitu egiten du oraindik. «Dirua falta genuen gimnasioa muntatzeko, eta txekor jatea antolatzea pentsatu genuen», kontatu du Garmendiak. Hala, Lasarteko Araeta sagardotegira joan ziren txekorra nola erretzen zuten ikustera. «Erotuta geundela esaten ziguten herrian, sekulako lanak hartuko genituelako», dio Nazabalek. 

Lehen hiru urteetan Araetatik ekarri zuten erretzeko beharrezko materiala, fidantza baten truke. «Mendian hil zitzaigun lagun batek esan zigun guk egin behar genuela, neurriak hartu zituen, materiala erosi eta guk soldatu genuen», gogoratu du Garmendiak. Handik aurrera, beraien materialarekin erretzen dute. 

Ikatza erabiltzen dute sua egiteko. «Behin sua prest izanda, hamabi ordu behar izaten dira erretzeko, ez du lan handirik eskatzen, baina zaindu egin behar da», dio Garmendiak. 00:00ak alderako pizten dute sua eta bi orduko txandak egiten dituzte, txekorra zaintzeko. «Altuera jakin batean jartzen da lehen sei orduetan, eta gero jaisten da», kontatu du Bereziartuak. 

Erretzerakoan, azken bi orduetan, nahasketa bat botatzen diotela kontatu du Garmendiak: whiskia, vocka, koñaka, ardo zuria, olioa, ozpina, gatza eta baratxuriarekin egindakoa. Mahaira ateratzerako orduan, azken ukitua emateko, beste nahasketa bat botatzen dio Garmendiak, baina ez daki inork zein osagairekin egiten duen, «sekretua da, ez diot inori kontatu eta ezta kontatuko ere».  

Afaritik bazkarira

Lehen urte hartan afaria egin zuten, eta gimnasioa muntatzeko hasteko adina diru atera zutela kontatu du Garmendiak: «Lokala bazegoen, eta bizpahiru makina erosi genituen; ordutik martxan da zerbitzua, baina aurten bildutako dirua berriro ere gimnasiora bideratuko dugu». Beste zenbait urtetan, presoei bideratu izan diete jasotakoa, edota erretako baserri batentzako ere bildu izan dute. 

Bigarren urtetik aurrera bazkaria egiten hasi ziren. «Frontoirik ez genuen artean, eta plazako frontoi txikian kabitu ezinik ibiltzen ginen; lehen urtean, trailer bat jarri genuen plazan, guztiak sartzeko». 2002an eraiki zuten pilotalekua, eta ordutik bertan egiten dute; egokituta dute gainera leku bat, tximinia eta guzti, txekorra erretzeko. 

Zero kilometroko txekorra

Txekorra lortzeaz Nazabal arduratzen da. Azken sei urteetan bere baserriko, Gorostartzuko txekorra erre izan dute, eta aurten ere hala izango dute, «zero kilometrokoa». «Lehen urtean plazan hil genuen txekorra, baina segituan ikusi genuen hori ez zela posible, eta orain hiltegira eramaten dugu». Bost egun lehenago eramaten dute hiltegira eta erdibituta ekartzen dute bezperan, «lotzeko errazagoa delako eta baita mozteko ere». Urte eta erdi inguruko txekorra izaten da normalean, 150-200 kilo artekoa. Aurtengoak 200 kilo gertuago dituela dio Nazabalek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!