ELKARRIZKETA

«Nire barnean gordetzen dudan guztia askatzen laguntzen dit musikak»

Leyre Carrasco 2023ko mar. 10a, 07:59
Maialen Aristegi abeslaria. L. CARRASCO

Euskal Filologiako ikasketak burutu bazituen ere, musika izan du beti pasio Maialen Aristegi (Lasarte, 2000) kantautoreak. Mikel Urdangarin edo Benito Lertxundi bezalako artisten pausoak jarraituz, eszenatoki txikiak konkistatzen hasi zen musikari gaztea, baina pixkanaka pauso handiak ematen ari da.

Arabako Gazte Talent lehiaketako euskarazko proposamen onenaren saria eskuratu berri du, eta hamar kanta sortu ditu dagoeneko. Orain talde bat osatzeko asmoa du, bere abestiei «forma» emateko. Momentuz, bakarlari moduan jarraituko du bere bidea, eta bihar, larunbata, 18:30ean, Baliarrainen eskainiko duen kontzertuan bere musika entzuteko aukera izango da.

Nondik datorkizu musikarekin duzun harremana?

Betidanik entzun izan ohi dugu musika asko etxean. Kotxean musikarekin joateko ohitura ere genuen, eta abesten joaten ginen. Txikitan panderoko klaseetara apuntatu nintzen, eta ondoren, hori utzi eta gitarrarekin hasi nintzen. Asko gustatzen zait abestea, eta abesten ari naizen bitartean, nire gainean ezarri ahal nuen instrumentu bat nahi nuen. Horregatik, nolabait, gitarra jotzen hastea erabaki nuen, sostegun bat behar bainuen. Pianoa ere jotzen dut, baina oraindik ikasten ari naiz. Autodidakta bezala definitzen dut neure burua. Horrez gain, zerbait ikasten hasi bezain pronto bukatu gabe uzten dut, nire kanta batean esaten dudan bezala, «kantuak hasi eta bukatu gabe uzten dituenetakoa naiz, zer egingo zaio, beharbada noizbait ikasiko dut».

Noiz eta nola erabaki zenuen zure lehen abestia sortzea?

Hasieran abestien bertsioak egiten nituen; hau da, beste abeslari batzuen abestiak ikasten nituen, beren letrak eta akordeak ere, eta horiek interpretatzen nituen. Lasarteko Gaztetxean izan zen nire lehenengo kontzertua, gutxi gorabehera 16 edo 17 urte nituela, eta bertan jo nituen abesti guztiak bertsioak izan ziren. Oraindik ez nintzen abesti bat sortzera ausartu, baina une horretan nik sortutako abestiak jotzen hasi behar nuela pentsatu nuen. Beraz, kontzertu hori eman ostean, lanean hasi eta abesti bat sortu nuen, eta hortik aurrera gehiago iritsi ziren. Gaur egun nik sortutako hamar abesti dauzkat bukatuta, eta horrekin jarraitzeko asmoa dut.

 

«Gaur egun nik sortutako hamar abesti dauzkat bukatuta, eta horrekin jarraitzeko asmoa dut»



Zerk eman zizun kanta bat sortzeko bultzada?

Besteek sortutakoa edo besteen lana alde batera utzi, eta nire abestiak sortzen hasi nahi nuelako. Nire buruhausteak kontatzeko beharrarekin eman nuen pausoa.

Zeren inguruan hitz egiten duzu zure abestietan?

Maitasunaren inguruan, baina gehienbat nire sentimendu, emozio eta gertaeren inguruan hitz egiten dut. Normalean, niretzat gordetzen dut dena, eta inoiz ez dut ezer kontatzen, beraz, nire barnean gordetzen dudan guztia askatzen laguntzen dit musikak. Nire abestietan ere ez dut den-dena kontatzen, baina gordeta izaten dudan zati txiki bat ateratzen dut. Modu horretan adierazten dut, gordetzen dudana abestien bitartez kontatzen dut. Izan ere, nire egunerokoan ere gauzak nire barnean gordetzen dituen pertsona bat naiz, eta hori guztia kanporatzeko modu bat da.



Gitarra duzu bidelagun. Noiztik duzu berarekin harremana?

Mikel Urdangarin asko gustatzen zait, asko-asko. Hamar urte nituela ezagutu nuen eta bere musika entzuten hasi nintzen. Hamaika urte nituela bere lehen kontzertura joan nintzen. Mikelek eszenatoki gainean gitarra jotzen zuenez, nik ere gitarra jo nahi nuen. Garai horretan, Maialen ere izena duen nire lagun bat gitarrako klaseak hartzera apuntatu behar zen, eta berarekin hastea erabaki nuen. Beraz, Mikelen figura jarraituz, baina nire estilora moldatzeko asmoarekin hasi nintzen gitarra jotzen. Horregatik, Mikel Urdangarin nire erreferenteetako bat da.

Zerk ematen dizu gitarrak?

Lasaitasuna. Etxean bakarrik baldin banago ere, gitarra ondoan edukita bakarrik ez nagoela bezala sentitzen naiz. Orduak eta orduak pasa ditzaket gitarra jotzen, eta ez naiz orduaz ohartzen.

Jotzen dituzun beste instrumentuekin ere gertatzen zaizu?

Ez nuke esango. Hala ere, ez naiz gitarra jotzaile bat, akorde batzuk jotzen besterik ez dakit eta. Pianoa ere zerbait jotzen dut, klaseak jaso bainituen urtebetean, eta horrekin ere saltsan ibiltzen naizen heinean ikasten joaten naiz. Ukelelea pixka bat jotzen ere badakit. Aurreko astean abesti bat jo behar nuen ekitaldi batean, eta lagun batek horretarako bere ukelelea utzi zidan. Abestia izatez ukelelearekin zen, beraz, nik ere ukelelearekin jo nahi nuen, baina bertsioa eginda. Akordeak ikasi eta ukelelearekin joan nintzen.



Mikel Urdangarin erreferente duzula aipatu duzu. Zer da zuretzat?

Ez dakit inspirazioa den, baina berak egiten duena asko gustatzen zait. Ez dut esaten kopiatzea noala, baina bere estiloa asko gustatzen zait eta uste dut nire kantak estilo horretatik doazela. Nire kantak entzuten baditut uste dut badutela Mikelen musikaren oihartzun txiki bat, eta, horregatik, bere musika entzunda jasotzen dudana nire abestien bitartez irudikatzen saiatzen naiz. Presoen inguruko abesti bat dut, eta abesti horretan «hiru astero idazten digu eskutitza» esaldia esanez hasten naiz. Hori, adibidez, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste izeneko abestiaren erreferentzia bat da.

Arabako Gazte Talent lehiaketako euskarazko proposamen onenaren saria irabazi duzu duela gutxi. Nola jaso zenuen sari hura?

Ez nuen batere espero, baina kristoren ilusioa egin zidan. Zerbait irabazi beharko banu, argi nuen nik sari hori jaso nahi nuela. Dirua irabazteaz gain, Araba Euskaraz festan izango diren kontzertuetan parte hartzeko saria ere jaso bainuen. Gainera, nik Euskal Filologiako ikasketak egin nituenez, nolabaiteko ilusioa egiten zidan horrek. Bazeuden sari potologoak, baina sari horrek zehazki izugarrizko ilusioa egiten zidan. Hala ere, finalera iristea eta Jimmy Jazz aretoan jotzea sari handia izan zen niretzat. Baina noski, zerbait gehiago eta potologoa jasota, oraindik eta hobeto.

Aukera ederra izango zen oholtza txikietatik eszenatoki handiagoetara salto egiteko ere.

Bai, dudarik gabe. Kontzertuak eszenatoki txikietan egitera ohituta banago ere, lehiaketa askotan apuntatu izan naiz, eta bertan jende askoren aurrean abestu behar izan dut. Baina ni, normalean, espazio txikitan abesteko ohitura dut; herriko plazan edo herriko gaztetxean bezalako espazioetan, besteak beste. Ni bakarrik ibiltzen naiz, ez daukat inor ondoan. Beraz, daukatenarekin aurre eginda, espazio txiki horietara bakarrik iritsi naiz momentuz.

Zein proiektu duzu hemendik aurrera eskuartean? Diskoa agian?

Nire ametsa diskoa ateratzea edo kantak grabatzea da, beti izan dut ilusio hori. Hala ere, atzera egiten dut beti. Nolabaiteko beldurra ematen dit, nire abestiek edota ni abeslari bezala ez dugula balio iruditzen zaidalako. Badakit nire abestiak onak direla, baina gero ondo pentsatzen dut, eta, agian, publikoak ez du horrela ikusten. Beraz, nire asmoa talde bat sortzea da, orain arte sortu ditudan hamar abesti horiei forma emateko asmoarekin. Gitarra eta ahotsaz aparte beste instrumentu batzuk gehitu nahiko nituzke, eta noski, horiekin ahal badin bada diskoa edo abestiren bat grabatu nahiko nuke.

 

«Nire ametsa diskoa ateratzea edo kantak grabatzea da, beti izan dut ilusio hori»



Zer duzu zehazki pentsatuta?

Musika talde edo abeslari batzuek ez dituzte ohiko instrumentuak erabiltzen bakarrik. Batzuk bateria, baxua eta gitarra elektrikoaz gain, biolina, pianoa eta beste hainbat instrumenturekin ere osatzen dute taldea. Beraz, horrelako zerbait osatzea gustatuko litzaidake. Alegia, banda osatu bat izatea, Anarik duen moduan, adibidez. Bera ere emakume erreferente bat da niretzat.

Proiektu horrekin hasi zara dagoeneko?

Jendea animatzen ari naiz, eta jada badut gitarra jotzaile bat, baita baxua jotzen duen musikari bat ere. Bateria, biolina eta pianoa falta zaizkit, baina gauza hauek pixkanaka hartu behar dira, ez baita erraza talde bat sortzea. Gainera, jendearekin hitz egitea dezente kostatzen zait, ezezkoa jasotzearen beldur bainaiz. Gauza puntualetarako ni bakarrik joatearekin nahikoa dela uste dut, baina, berez, talde formatu bat eduki nahiko nuke.



Bihar Baliarrainen izango zara. Zer da bertan entzun ahalko duguna?

Normalean egiten dudanaren antzeko zerbait. Bertara eramango dudan errepertorioaren gehiengoa nire abestiak izango dira, baina tartean euskal bertsioren bat ere sartuko dut. Nire abestiak soilik jotzen baditut, jendeak ez ditu ezagutuko, eta horregatik, kanta ezagunak ere jo eta abestea gustatzen zait, jendeak nirekin abestu dezan. Nire abestiak oraindik ez dira hain ezagunak, baina espero dut egunen batean izatea.

 

«Nire abestiak oraindik ez dira hain ezagunak, baina espero dut egunen batean izatea»



Lehen aldia izango duzu bertan. Gogotsu?

Bai, nire lehen aldia izango da bertan, eta gogoarekin nago.

Zein beste kontzertu dituzu?

Arabako Gazte Talent lehiaketan jaso nuen sariaren zati bat ekainaren 11n Araba Euskaraz jaian jotzea da. Beraz, momentuz, Baliarraingo kontzertuaz gain, kontzertu hori ere dut eskuartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!