ELKARRIZKETA

«Proposamenak egiten dira, eta azken batean guztion arteko zerbait da»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 28a, 11:59

Baliarrainen ez dute dendarik eta udaletxearen ekimenari esker Ekonomatoa zabaldu zuten ia orain bi urte. Bertako produktuak baino ez dituzte saltzen, eta herritarren aldetik izan duen harrera onari esker aurrera jarraitzen dute. Elkarte moduan funtzionatzen dute, eta Mikel Telleria Irastorza (Tolosa, 1976) da lehendakaria.

Ia bi urte betetzear da Baliarraingo Ekonomatoa.

Gure aldetik lehen balorazioa irekita jarraitzen duela ikustea da. Horrek esan nahi du erabilpen bat duela. Lehendik bazegoen kezka eta ardura bat dendarik ez zegoelako, eta hau sortu aurretik ere izan ziren hausnarketa batzuk, baina inoiz ez zen pausorik eman. Udaletxearen aldetik bultzada bat egon zen sortzeko, baina ez da sortzea bakarrik. Agian hori da errazena, eta erabiltzea da zailagoa. Garai hauetan, non dena urrutitik ekartzen den, gertukoa erostea eta jendeak erabiltzea hori da zailena.

Hasieran berria izatearekin jende gehiago ibili zen edo orain gehiago zarete?

Ez dut uste lehen orain baino gehiago zenik. Hasieran hasi zirenetatik jende gehienak jarraitzen du, eta mugimendua dago, produktu berriak ekartzen dira...

Herritarrek proposamenak egiten dituzte?

Bai. Orain dela hilabete batzuk bilerak egin genituen eta proposamen batzuk ere martxan jarri ziren. Eta esaterako bat dirua ez erabiltzearena izan zen.

Eta nola egiten duzue?

Bonu batzuk atera genituen. Kontu zenbaki bat daukagu, eta 100 euroko transferentzia bat egiten duzu, eta gero diru gabe erosten duzu Ekonomatoan. Erosi ahala apuntatu eta bonutik kentzen zoaz. Eta zerora iristen zarenean beste transferentzia bat egin behar da. Eta zergatik? Herrian bertan ez daukagu kutxazainik. Ez dugu dirua lortzeko aukerarik, eta horri aurre egiteko modu bat da. Bestelako proposamenak ere izaten dira, eta azken batean guztion artean egindako zerbait da.

Zu zara Ekonomatoko lehendakaria.

Hemen ez dago lehendakaririk. Legea betetzeko izen batzuk egon behar dute, baina horrek ez du ezer esan nahi.

Elkarte bat egin behar izan duzue aurrera jarraitzeko.

Elkarte bat da, eta lehen urtean bai aritu ginen guzti horri forma ematen. Bere IFZa du, kontu zenbakia eta guzti hori. Horrela erosketak ere elkartearen izenean egin ditzakegu. Hasieran nahaste handia zen, pertsona batzuk egiten baitzituzten eskaerak euren kontu zenbakitik. Baina, garrantzitsuena jendeak parte hartzea da.

Zenbat herritar zaudete?

30 inguru gara, eta denda moduan ostegunetan irekitzen dugu 18:00etatik 19:00etara. Kide asko etortzen gara ordu horretan erosketa egitera, edo bestela giltza dugu nahi dugunean etortzeko. Asteroko banaketa dugu Larretatik, eta esnea, jogurtak eta izozkiak ekartzera etortzen dira, eta horrek ere bultzada ematen dio Ekonomatoari. Norberak zuzenean erosten dio Larretari, baina gero banaketa hemen egiten da. Bakoitzak berea hartu behar du, eta bila etortze horrekin beste produktu batzuk erosteko ere aprobetxatzen da.



Zer duzue salgai?

Argaia Goena baserritik haragia ekartzen digute jada izoztuta. Freskoetan arrautzak eta gaztak ere baditugu, baina honelako toki batean fresko asko ezin da izan, ez baitago hainbesteko mugimendurik. Denetariko kontserbak ditugu, eta piperrek, esparragoek edo menestrek harrera ona dute. Edarietan ere denetarik dugu. Nafarroako olioa ere asko kontsumitzen da. Eta, esaterako bertako Gorostarzu baserriko babarruna dugu...

Hori du helburua ezta, hau da, bertakoak edo ahalik eta gertueneko produktuak izatea.

Hori da, ez dugu lortuko Baliarraingo oliba oliorik, eta Nafarroara jo behar dugu. Honen funtsa da bertako produktuak sustatzea. Garagardoa Legorretakoa da, turroiak Amezketakoak dira, haragia, gaztak, esnekiak, arrautzak... gertukoak dira. Xanpuak-eta Adunan dagoen Lixonekoak erabiltzen ditugu. Tolosako Osabi markako kosmetikoak ditugu eta horiek ere bertakoak dira. Gatza Añanakoa,...

Oinarrizko erosketa bat egin daiteke.

Iaz kontaketa egin genuen, eta 170 bat kode ezberdin genituen. Produktuak azken batean antzekoak dira, baina berezitasun batzuk dituzte. Pentsatzen genituenak baino gehiago ziren, eta esaterako Arabako patata ere badugu, eta elkarren artean erabakitzen dugu zer ekarri nahi dugun.

Bilerak egiten dituzue guztia aurrera eramateko?

Bilerak egiten ditugu, eta gero batzar nagusi bat kontuak eramateko. Baina garrantzitsuena elkarrekin egindako zerbait dela da, eta ez dago bat bestea baino gehiago erabakitzen duena. Hiru edo lau kidek erabakitzen badute produkturen bat probatu nahi dutela, bada proposatzen da eta produktu hori ekartzen da eta ikusi egiten da ea harrera duen edo ez.

Lanak nola dituzue banatuta?

Orain artean ia pertsona pare bat egon dira guztiaren atzetik. Horretan aurrerapauso bat eman nahi dugu. Hurrengo urterako proposamen ezberdinak daude erosketen kontua beste era batean egiteko. Ideia ezberdinak daude eta ikusi egin beharko dugu. Lan handiena horrek suposatzen du, eta guztia bi pertsonek bakarrik eramatea denok ikusten dugu ez duela horrela izan behar. Gainerakoan, astero ordubetez irekita edukitzeko txandak ditugu eginda. Bi edo hiru hilabete jartzen ditugu eta libre duzun astean apuntatzen zara. Ez dator jende asko eta falta diren produktuak atera eta prezioak jartzeko aprobetxatzen duzu, zerbait iraungita ote dagoen begiratu...

Findu egin nahi duzue.

Hasi berriak gara eta ez dugu eredu bat kopiatzeko edo ez dugu kopiatu nahi. Honelako herri txiki bati egokitu behar zaio.

Aurrera egiteko gogotsu zaudete?

Aurrera egiteko gogoa dagoela uste dut. Ez bada hau, ez dago ezer. Bestela, kotxea hartu behar duzu, eta kotxea hartzen duena jada supermerkatu handi batera doa. Eta han kontsumitzea ia gertukoa kontsumitzearen kontrakoa da. Supermerkatu handi batean jada ez duzu kontrolatzen produktuak nondik datozen. Gertukoa kontsumitze horrek beste ikuspuntu bat ere badu; zer kontsumitu eta nola kontsumitzen duzun, eta horren nondik norakoak jakitea. Nork egin duen, nola egin duen, zergatik egin duen horrela edo beste era batera,... Produktua eta produktorea ezagutzea da. Eta pixkana-pixkana gure ekoizleak ezagutzen hasi nahi dugu.

Bisita bidez?

Leku guztietara ezin zaitezke bisitan joan, edo ezin gara hogei pertsona bisitan joan. Agian leku batzuetara bai, bisita gidatuak egiten dituztelako, baina beste batzuek ez. Orain dela egun batzuk aldizkari bat atera dugu, eta aldizkari horretan bertako ekoizle bati egin diogu elkarrizketa. Ezagutze horrek erraztu egiten du produktua erostea, baloratu egiten baituzu. Hor atzean pertsona bat edo familia bat dagoela ikusten duzu.

Kide ez direnek ere badute ohitura erosketa egiteko?

Badaude elkartekide ez direnak, eta astero pasatzen direnak, esaterako, kafea edo olioa erostera. Produktu batzuk identifikatuta dituzte, eta produktu horiek erostera pasatzen dira. Eta nola ez, irekita dago inork elkartekide izan nahiko balu ere. Edozeinek eskatu dezake elkartekide izatea. Familia berriak etorri dira herrira, eta kide egin direnak baditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!