Gaztetasunak elkartuta

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urriaren 22a

Baliarraingo Gazte Eguna izan zen, atzo, eta herritarrez gain, gazte eta ez hain gazte ugari elkartu zen herrian. 220 pertsonek afaldu zuten pilotalekuan.

Baliarraingo gazteek beraien gustuko eguna antolatu zuten atzorako, eta erantzun bikaina izan zuen bai herritarren aldetik, eta baita inguruko herritarrengandik ere. Jende asko elkartu zen bai plazan eta baita pilotalekuan ere.

Garagardo dastaketarekin hasitako egunak, Elektrotxufla izan zuen lagun, eta giro bikaina jarri zuten bertaratuen artean. Garagardo dastaketan izan ziren asko eta askok bertan afaldu zuten. Pilotalekuan prestatu zuten jantokia, eta herritarrek prestatuko afaria, herriko gazteek beraiek zerbitzatu zuten. 220 pertsona elkartu ziren afaltzeko.

Behin afalduta, guztiek plazarako bidea hartu zuten, eta bertan hasi zen festa DJ Nazarekin. Beste gazte askok autobusean egin zuten Baliarrainerako bidea, eta guztiak plazan elkartu ziren.

Gazteei lana egitea tokatu zitzaien, baina gurasoei edota herritarrei ere egokitu zitzaien gazteengatik lanean aritzea, baina baita gozatzea ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!