Gazte Eguna antolatu dute baliarraindar gazteek

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 6a, 16:00

Herriko gazteak elkartu dira antolatzeko eta urriaren 21ean izango da; garagardo dastaketarekin hasi eta DJ Nazarekin luzatuko dute gaua.

Baliarrainen Gazte Eguna ospatuko dute urriaren 21ean, ostiralean. Herriko gazteak elkartu dira eta beraientzat izango den eguna antolatu dute, baina eskualdeko eta inguruko gazteak Baliarrainera igotzea nahi dute.

«Herriko kultura batzordearen ideia izan zen», dio Ugaitz Garmendia antolatzaile lanetan ari den gazteak. Haur, heldu edo adinekoentzako gauzak antolatzen dira, baina gazteei begirakorik ez. «Herri txikia gara, eta gazteak behin ere ez dira kopuru handia izan, eta ez da ezer antolatu izan», esan du.

«Herriko festetan jabetu ginen, jada bagaudela gazte batzu-batzuk», gaineratu du Garmendiak. «Nik hamabost urte nituenean ia nire adinekorik ez zegoen, baina, gaur egun, 14 eta 20 urte bitartean hamabost bat gazte inguru daude». Hortik sortu zuten ideiari tira, eta forma eman diote egunari. 

Egun 22 urte ditu Garmendiak eta Kultura batzordetik berarengana eta 24 urte dituen beste gazte batengana jo zutela kontatu du: «Gazte eguna antolatzearen ideia ea zer iruditzen zitzaigun galdetu ziguten, eta gero herriko gazteekin talde bat osatu genuen. 14 urtetik 24 urte bitarteko hemezortzi bat gazte gara».

Baliarraindarrak dira guztiak, eta beste gazteei proposamena luzatu zietenean, gazte guztiak ados agertu ziren bai antolatzeko bai eta laguntzeko ere.

Gazteek antolatu dute, beraz, eta lehen aldia izan da: «Ez dugu dirurik antolatzeko, eta udalak eman digu laguntza horretarako, baina gu aritu gara antolatzen». Lehenik eta behin, taldeko bi gazte helduenak Kultura batzordeko beste bi kiderekin elkartu ziren ideiak trukatzeko, eta ostean elkartu ziren herriko gazte guztiak. «Ideiak bota genituen, eta nolako eguna izan adostu genuen».

GAZTEAK, ADOS

«Nahiko garbi genuen denok zer nahi genuen: egun bakarra eta iluntze aldera izatea, afariren bat egotea, elektrotxarangaren bat... hau da, gure gustuetara begiratuta egin dugu, eta nahikoa azkar adostu genuen zer nahi genuen egin». Gaztetxoak «ilusioz» daudela kontatu du Garmendiak.

Ondoren etorri zen egun horretarako nahi zuten horiekin harremanetan jarri, eta libre ote ziren jakinda lotzea. Egunaren aurreko antolaketako lan gehienak helduenek hartu dituztela nabarmendu du Garmendiak; «baina talde bat egina dugu, eta bertan joaten gara esaten egiten ari garena, eta adosten».



Eguna bera edota bezpera izango dituzte lan gehienekoak eta horretarako, lanen banaketa egingo dute, «guztiek parte hartzeko».

Jendea erakartzen duelakoan garagardo dastaketa jarri dute hasteko: «Baliarrainen ekonomatoa dugu, eta bertan saltzen dira Basabeko garagardoak, eta beraiekin jarri ginen harremanetan».

Elektrotxuflak girotuko du arratsaldea, eta behin garagardo ezberdinak dastatu ostean saiheski afaria egingo dute. Gaua, berriz, nahi beste luzatzeko moduan izango dira. DJ Nazarekin. «Gau osoa luzatzeko prest agertu da, beraz, dagoen jendearen araberakoa izango da». Tartean, ordea, saltsa pixka bat jartzeko bingoan jolastuko dira.

AFARIRAKO TXARTELAK

Saiheski jatea antolatu dute afariari begira, eta kasu honetan, herritarren laguntza eskatu dute, edota baita barra muntatzeko edota bezperan egin beharreko lanetarako ere. «Herritarrak prest agertu dira egunean bertan laguntzeko, eta eskertuko dugu beraien laguntza. Bestela, gu saiatuko gara ahalik eta gehiena egiten; barra, bingoa,...».

Urriaren 16a bitartean afarirako txartelak erosteko aukera izango da, baina egunean bertan gerturatu eta afaltzen geratu nahi duenak aukera izango du horretarako. Hori bai, aldez aurretik erosiz gero 15 euro ordainduko da afaria, eta egunean bertan 20 euroko balioa izango du. Menu begetarianoa nahiko lukeenik bada, posible dela aurreratu dute antolatzaileek, baina aldez aurretik jakinarazi beharko zaie. Txartelak eskuratzeko 683 64 62 92 telefono zenbakia jarri dute eskura.

Herri txikia da Baliarrain, baina Alegialdeko herritarrei edota Goierri aldekoei ere gonbidapena luzatu die: «Festetan ez da gazte gehiegi ere etortzen, apropos aukeratu dugu urriko egun bat, eta printzipioz inguruan ezer handirik egongo ez dena».

Alegiako eskolan elkartzen dira baliarraindarrak; «kuadrillak Alegia inguruan ditugu, eta ea bertako jendea ere animatzen den», zehaztu du.

Baliarrainera gerturatzeko gonbidapena luzatzeaz gain, Garmendiak gazte egunaren berri zabal dezatela eskatu du, «jendea gerturatu dadin Baliarrainera».

GAZTE EGUNA

Urriak 21, ostirala
19:00. Basabe garagardoen dastaketa.
19:00. Elektrotxufla.
21:30. Saiheski jatea. Txartelak 15 euroan urriaren 16a bitarte (683646292), egunean bertan, 20 euroan. Aukera begetarianoa ere izango da aldez aurretik esanda.
23:30. Bingoa.
00:00. DJ Naza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!