Baliarraingo Udalak auto elektriko bat erosiko du

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 5a, 07:59
Frontoiko teilatuan eguzki panelak jarrita daude, iaztik; haurren eskaerari erantzunez futbolerako ateak ere jarri dituzte.

Ingurugiroaren gaineko kontzientzia bultzatzen ari da udala; frontoiko teilatuan eguzki panelak jarrita dituzte, eta hori nola kudeatu erabakitzeko lanketa egiten ari dira.

Baliarraingo Udalak otsailaren 20an egin zuen herri batzarra, eta bertan azaldu zizkieten iazko egitasmoak eta aurtengorako esku artean dituzten asmoak. 250.000 euro inguruko aurrekontua dute.

Iaz, diru laguntza izan zutela aprobetxatuz, eguzki panelak jarriak dituzte frontoiko teilatuan. «Formula bilatu behar dugu. Oraindik ez dakigu elkarte energetikoa osatuko dugun edo udalak gestionatuko duen», adierazi du Juan Mari Iturrioz zinegotziak. Publikoa izango dela argi dute, baina «elkarte energetikoa sortuz gero, baserri batzuk herritik kanpo geratzen zaizkigu, hau da, ez dira 500 metrora geratzen». Herri txikia izanik udalak berak ere kudeatu dezakeelakoan daude udal ordezkariak. Herri batzar baten bidez hartuko dituzte erabakiak. «Sortzen den argindar hori herrira banatu nahi dugu, prezio duinago batean», zehaztu du Iturriozek, baina «Iberdrolarekin hor ari gara borrokan. Ez digu baimenik ematen, eta bere paper kontuak luzatzen ari dira». Aldiz, «denbora guzti honetan sortzen ari den argindar guztia berarentzat hartzen ari da», gaineratu du Andoni Olano alkateak. «Plakak jarri orduko argindarra sortzen hasten dira, eta hori jada sarera doa», diote.

Hilabeteak pasatzen ari direla salatu dute, «egoera honetan polita izango zen herritarrei argindarra beste prezio batean eskaini ahal izatea», baina zain jarraitzen dute.

Kotxe elektrikoak kargatzeko puntua ere jarri dute Baliarraingo frontoiaren ondoko aparkalekuan. «Sinbolikoa da gehiago, benetan eramangarria baino», dio Iturriozek, baina «hor dago». Horri lotuta, beste erabaki bat hartu du Baliarraingo Udalak. Urte hauetan guztietan Baliarrainek ez du izan udaleko kotxerik, eta langileei begira, bat erostea erabaki dute: «Udalak kotxe bat jarriko du eta kotxe hori elektrikoa izango da». Argindarra dutenez, kotxe elektrikoaren aldeko apustua egin dute.

Ingurugiroarekin jarraituz, herriko basoa berritu dute. Lehen fasea Zuhaitz Eguna antolatuz egin zuten, eta orain landaketak nola itsasten diren zain egongo dira. Eta hurrengo urtera begira, basoari jarraipena egiten jarraitzeko beste Zuhaitz Egun bat antolatuko dutela aurreratu dute. Orduan baloratuko dute nola osatu behar duten basoa.


HERRITARRAK HEZIZ

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Klima bai lehiaketan parte hartu dute Baliarraingo 22 familiak. Herriaren gehiengoa izan da parte hartu duena, eta klimari eta ingurugiroari lotutako atal ezberdinetako erronka ezberdinak jarri zizkieten, eta horiek gainditu behar zituzten. «Herri mailako erronkak ziren», zehaztu du Olanok. Gorka Egiak egin ditu dinamizatzaile lanak, eta emaitzaren zain daude. Irabaziz gero, dirua jasoko luke udalak, eta zinegotziek konpromisoa hartua dute: «Ingurugiroarekin eta energiarekin zerikusia duten gaietara bideratuko da».

Parte hartzea sustatu dute herri mailan, eta parte hartze hori bera ikusi dute herritarrak hezteko modu. Olanok garbi adierazi du: «Ikasi egiten zen, eta gauza batzuk interesgarri ziren gainera». Herritarrek kontzientzia hartu dutela kontatu dute, eta herri mailan «giro polita» sortu dela. Erronkak zirenez, lehia izan dute tarteko eta inork ez zuela atzean geratu nahi esan dute. «Bakoitzari berea eman behar zaio, eta dinamizatzen sekulako lana egin zuen Gorkak», azpimarratu du Iturriozek. «Tiraka aritu behar izan du», dio Olanok.

KONPONDU BEHARREKOAK

Erretoretxearen gaiarekin bueltaka jarraitzen dute Baliarrainen. Udalarena den aterpetxearen eraikinean elizarena da zati bat, eta aldi berean, elizan udalak zati bat du; garai batean elkartea zen tokian. Aspalditik datorren afera da, eta bilerak eta bilerak egin badituzte ere oraindik ez dira adostasunera iritsi. Aterpetxeko zatia udalak bereganatu nahi du, eraikina bere osotasunean gestionatu dezan. Egoera txarrean dagoela esan dute, eta itoginak hasita daudela.

Herriak eta herritarrek argi dutela diote, baina Gotzaindegiarekin iritsi behar dute adostasunera. Orain artean ez dutela erantzunik jaso eta, herriko elizako taldearekin ari dira: «Harremana errazagoa da, eta zuzenagoa». Ez dute espero, ordea, epe laburrean adostasunera iristea.

San Juan Iturritik Bostaitzetarako bidea berriz ere konpondu beharrean daudela nabarmendu dute zinegotziek. Jendea 4x4 ibilgailuekin-eta ibiltzen dela diote, eta puskatu egiten dutela: «Lokatza egiten den lekuan berriz ere harriak bota beharra daude». Oinezkoek ezin dute ibili, eta «dirua kostatzen da konpontzea, baina herriak garbi esan digu irekita eduki nahi dutela eta baso bidea izatea nahi dutela».

Ibiurko urtegiari bukaera emateko falta diren lanen gainean, berriz, «ea noizbait bukatzen duten», esan dute. «Baliarraini asko suposatzen dio. Ez da bakarrik Ibiurko bide perimetrala bukatzea. Konpromisoa dago herritik gorako bidea ere konpontzeko». Lan horiek egiteko dirua onartuta dagoela ekarri dute gogora, eta esleitzea falta dela. Horrez gain, herrira iristeko bidea zabaltzea eta herriguneko ur zikinen sarea amaitzeko lanak ere egin beharko lituzkete.

ZERBITZUAK

Ekonomatoa jarri zuten martxan bertako produktuekin eta jendea «oso gustura» dagoela azpimarratu dute, eta «mugimendua» dagoela. Zerbitzuaren proba gaindituta, elkartea sortu dute eta aurrera jarraitzekotan dira.

Mugikorreko estaldura ere beste buruhausteetako bat dute Baliarrainen, eta hobetu egin nahi dute. Telefono konpainia handiengandik ezer espero ez dutenez, udalak bera mugitu da, eta proiektua esku artean dute. Epe laburrean jartzeko moduan izatea espero dute.

Udaletxeko sarreran desfibriladorea jarria dute eta saio bat egin zuten nola erabiltzen den ikas dezaten herritarrek. Gainera, ikastaroa urtero egiteko konpromisoa hartu dute. Udaleko eraikinaren beheko zatian ekonomatoa jarri zutenez, haurren liburutegia goiko zatian egokitu dute, eta bi jolas parkeak ere txukundu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!