Zuhaitz Eguna ospatu dute Baliarrainen

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 12a, 13:51

Guztira 225 haritz landatu dituzte herriko haur, gazte zein helduagoek, Astotagaineko baso zati batean; ondoren hamaiketakoa egin dute.

Naturaren inguruan ekintza batzuk ari dira egiten Baliarraingo Udala eta Narturzaindiko kideak, elkarlanean. Horren harira antolatu dute Zuhaitz Eguna gaurko. Goizean zehar Astotagaineko baso zatian bertako haritzak landatu dituzte, 225 guztira. Hala ere, 1.000 landare jartzea da asmoa, Iñaki Aizpuru Naturzaindiko arduradunak esan duenez. "Garai batean pinudia zegoen, baina gaixotuta zeudenez, bertako haritzak jartzea da asmoa", esan du.

Familia giroan, haur eta guraso ugari hurbildu da plazara, ondoren, elkarrekin, mendira joateko."Haur asko animatu dira, eta handiagoak direnean beraiek landatutako haritzak nola doazen goraka eta basoa nola egin den ikusiko dute". Izan ere, Aizpuruk esan duenez, "ezagutzen ez dena ez da maitatzen". "Herri bakoitzak bere udalerria du, eta ahalik eta txukunen mantendu nahi dugu, ez herrigunea bakarrik, baita ingurua ere. Herria ez da bukatzen kaleetan, etxeetan, mendia ere herria da eta herria bezain garrantzitsua gauza batzuetarako".

Aizpuruk kontatu duenez, ibilbide bat ere antolatzen ari dira inguruko herriekin, Gaintza eta Altzagakoekin. Bide hori, landatu berri dituzten gune horren ondotik igaroko da. "Gune hori gain-gainean dago, eta komeni da leku horiek zuhaitzez estalita mantentzea, lurra eusteko, lurzorua egiteko eta inguruko natura guztia zaintzeko". Pinuak bere funtzioa bete duela azaldu du, bere aroa bete duela, eta orain beste gauza batzuk behar direla. "Herritik hasi gaitezen, lehen garai batean ziren baso horiek berreskuratzen, behintzat bide horretan jarri".

Festa eguna borobiltzeko hamaiketakoa egin dute eguerdian. Menditik jaisterako zain izan dute jan-edana Zartagi jatetxeak eskainita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!