Zuhaitz Eguna egingo dute Astotagainen, hamaiketako eta guzti

Ataria 2022ko ots. 10a, 11:58

Zuhaitz Eguna antolatu du Baliarraingo Udalak, eta herritarrekin batera, udalarena den Astotagaineko baso zatian bertako zuhaitzak landatuko dituzte, larunbatean.

Zuhaitz Eguna prestatu du larunbaterako Baliarraingo Udalak, Astotagainen. Herriko muino bat da, eta udalak pinudia zuen bertan. «2020ko urrian izan zen haizete fuerteak pinu asko puskatu zituen, eta pinuek duten gaixotasuna tarteko, nahiko gaizki zegoela ikusten genuen. Hor zeuden pinu horiek ateratzea erabaki genuen, eta bertako landareekin sortutako baso bat eraikitzea», azaldu du Juan Mari Iturrioz alkateak.

Lan horiek aurrera eramateko Naturtzaindia enpresarekin jarri ziren harremanetan udal ordezkariak. «Beraiek egin dute proiektua. Egurra atera dugu eta beraiek hasi behar zuten landatzen», kontatu du Iturriozek. Udalaren eta enpresaren arteko kontua bakarrik izan beharrean, ordea, landaketa polita izan zitekeela umeentzat ere pentsatu zuten: «Herriko umeak basora eta mendira erakartzeko, eta beraiekin landaketa aurrera eramateko», esan du.

Hortik sortu zuten ideia, eta etzi, egingo dute landaketa. 11:00etan plazan elkartuko dira, eta ondoren Astotagainera igoko dira: «Haurrak aitzurrarekin lanean hasi daitezen, eta landareak zer diren ikas dezaten».

BERTAKO LANDAREAK

Bertako zuhaitzak landatuko dituztela zehaztu du Iturriozek: «Denetarik pixka bat izango da, askotariko basoa eta naturala sortuz».

Aste honetan bertan pasa da basotik Iturrioz: «Basoa ateratzerakoan lan txukuna egin dute, eta bertakoak diren eta basoan datozen landareak errespetatu egin dituzte. Urki, pago eta hurritz batzuk ikusi nituen. Zuhaitz dezente datoz bere kasa, eta horiek mantenduz, gainerakoan, denetarik landatuko dugu». Landaketa eremua gutxi gorabehera hektarea bateko lur saila izango da.

Landaketarako erremintak izango direla esan du alkateak, baina inork berea eraman nahiko balu ez du arazorik izango.

Behin landaketa guztia eginda, herrira jaitsiko dira guztiak eta herriko Zartagi jatetxean prest izango dute hamaiketakoa. Herrian giroa sortzea eta haurrak baso aldera gerturatzea dute helburu.

Larunbatetik aurrera, Naturtzaindia arduratuko da basoa zaintzeaz, «ondo etorri dadin». Horrez gain, panel batzuk jarriko dituzte, besteak beste, bioaniztasuna zer den azalduz: «Herri baso bat izanik, zabalik geratuko da gerturatu eta buelta bat eman nahi duenarentzat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!