ELKARRIZKETA

«Zoritxarrez harri koxkor bat esku artean dugunean elkar harrikatzeko ere erabiltzen dugu»

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 11a, 07:57
Perurenak ‘Harria. Maitasun istorioa’ eskaini zuen Villabonan. AMASA-VILLABONAKO UDALA

Baliarrainen gaur arratsaldean eskainiko du Harria. Maitasun istorioa izeneko emanaldia. Bertsoek, poesiek eta harriari emandako jasoaldiek osatzen dute saioa eta tartean joaten dira hainbeste urtetan harri jasotzen ibilitakoaren gogoeta eta pentsamenduak.

Etxean, Peru Harrin, harriz egindako eskultura bat pintatzen ari dela erantzun ditu Iñaki Perurena Gartziarenak (Leitza, 1956) Tolosaldeko Atariaren galderak. Aitortu duenez, harriaren aldamenean eman nahi du bere bizialdi osoa, harriaz, harriarengatik, harriarentzat eta harriarekin.

Hainbeste urte eman dituzu harri jasotzen. Aurretik inoiz izana zara Baliarrainen?

Bai, izan naiz bertan, duela uste asko.

2017an Altzon aurkeztu zenuen lehenengo aldiz 'Harria. Maitasun istorioa' emanaldia. Zer-nolako ibilbidea egin du ordutik hona?

Begira, emanaldia honekin egin ditut saio batzuk Euskal Herrian zehar. Eta betiko dilema sortu zait: Euskal Herritik kanpora ere badago euskaldun ez den jendea, euskal kulturaz jakin nahi duena. Haiengan pentsatuta emanaldiaren gaztelaniazko bertsio bat prestatu dut. Nafarren etxeak badaude Euskal Herritik kanpora ere eta haietan ibili izan naiz saiotxo batzuk eskaintzen. Gero hona sagardotegietara etortzen diren taldeekin eta zenbait kongresutan ere aritu naiz. Gure kulturaz gehiago jakin nahi duten horiek, niri hots egiten didate. Gaur egun, bietara aritzen naiz, euskaraz eta gaztelaniaz.

 

«Harria nire eskutik eramanda, harri horrek eramaten nau guztiokin bat egitera»



Bertsoak eta poesiak tartekatzen dituzu emanaldian. Horiek euskaraz ematen dituzu?

Bai. Gaztelaniazko saioetan bertsoren bat kantatzen dut eta esaten diet hemen bertsotarako nolako zaletasuna dagoen. Nik umetatik aitonarekin izan nuen bertsoarekin harremana eta handik sortu zitzaidan zaletasuna. Bertso bakoitzarekin zer esan nahi dudan azaltzen diet ikus-entzuleei.



Zergatik sortu nahi izan zenuen emanaldi hau?

Emanaldiaren barruan ere azaltzen dut hori. Nik 41 urte eman ditut nire harriekin batera eta bestera erakustaldiak egiten: errekor ahaleginak, apustuak, lehiaketak... Hainbeste urteren ondoren nire gorputzak esan zidan ezin zuela gehiago, mina zuela eta garai hori bukatzear zela. Mediku batengana joan eta medikuak aholkatu zidan harririk ez jasotzeko. Orduan, egia esan behar badut, nahiko triste gelditu nintzen. Ezin nuen nire bizitza ulertu harria jaso gabe. Eta burutazio horiekin nengoela, Robert de Niro aktorearen esaldi bat entzun nuen: «Interpretazioa utziko banu, bizitza baztertu eta heriotzaren zain geratzea izango litzateke». Hori esaldi gogorra da, baina niri balio izan zidan. Nik neure buruari esan nion, «bada nik nire harria arintzen badut jasotzen jarraitu ahal izango dut, gorputzari kalterik egin gabe». Hori egiten saiatu nintzen, urte hartan gidoi bat prestatu nuen eta hori da Harria, maitasun istorioa emanaldia.

Harria eta biak zarete, hortaz, emanaldi honetan protagonista. Zein protagonistagoa?

Harria, noski. Harria, nire eskutik eramanda. Harri horrekin nik izan dudan harremana kontatzen dut, baina aldi berean harri horrek eramaten nau guztiokin bat egitera. Esate baterako, gizakion ibilbideaz hitz egiten dugunean, harri aroaz hitz egiten dugu, neolitikoaz, megalitikoaz edota paleolitikoaz. Harri hori gabe ezin liteke gizartea ulertu. Emanaldian harri hori metafora bezala erabiltzen dut hainbat azalpen emateko.

Harria gauza zabala da hortaz, eta zuk ere begirada diferenteetatik begiratzen diozu.

Bai. Eskuan hartu eta hasi gaitezen pentsatzen zein hasi ote zen harri kozkor horri etekina ateratzen. Nor izan ote zen harri kozkor bat hartuta, hortaz baliatuta, emaitzak lortzen hasi zen lehena? Noiz izan zen hori guztia? Zoritxarrez, harri kozkor bat eskuan dugunean, elkar harrikatzeko ere erabiltzen dugu. Nire galdera da ea utziko ote diogun sekula elkar harrikatzeari. Gisa horretako pentsamenduak ematen ditut emanaldian.

 

«Munduko kultura guztiek harrian idatzita utzi dute beren ibilera»



Uste duzu Euskal Herriak lotura berezia izan duela harriarekin?

Euskal Herriak lotura izan du harriarekin. Baina, dena den, nik gizartea bere osotasunean hartzen dut. Uste dut gizakion artean ez dagoela halako alderik. Toki guztietan pasatzen da gizakiak bere tokia bilatu behar duela naturan; hori bere garaian animaliekin borrokatuz egiten zen, eta bizitzan aurrera eginez, tokian tokiko kulturak sortu ziren. Uste dut kultura gehienek dutela harria tartekoa. Munduko kultura guztiek landu dute harria: Txinako harresia da horren lekuko edota egiptoarren piramideak; presente dago inken eta maien kulturetan eta grekoek eta erromatarrek ere landu zituzten beren eskulturetan. Munduko kultura guztiek harrian idatzita utzi dute beren ibilera.

Euskal Herrian bezala harria oinarri hartuta kirolak sortu izan dituzte?

Bai, noski. Esate baterako, Greziako museo batean, Olinpian, badago harri bat eta hark inskripzioa dauka bere garaian «Bybonek, Pholaren semeak, esku batez buru gainetik altxatu ninduen» dioena. Horrek zer esan nahi du? Bada bere garaian harri horrek protagonismoa zuela indar probetan. Gaur egun Iranen eta beste toki batzuetan egiten dira indar probak harriarekin, eta azkenaldian, berriz, Strongman izeneko indar lehiaketetan harria ere tarteko dago. Euskal Herrian berezitasun bat eman zaio harri horri; kontua ez da edozein harri altxatu eta jasotzea, baizik eta harri arautua eta neurtua erabili dugu guk. Horretan badago berezitasun bat eta uste dut polita dela gainera.

Zuk zein harreman izan duzu harriarekin urte guztiotan? Lagun edo etsai izan duzu zure ibilbidean?

Dudarik gabe harria nire bidelaguna izan da. Badakizu poetak nola esan zuen bideko harriak erakutsi ziola bizitzan beti aurrera egin beharra dagoela, bada nire bizitzan bidelagun nagusia harria izan da. Eta, hain justu, saio hau bukatzen dut harri horri poesia bat eskainiz eta jasoaldi bat emanez.

Poesia eta bertsoa. Zein beste osagai ditu emanaldiak?

Guztira hamabost harri ezberdin eramaten ditut eta horiek erakusten ibiltzen naiz. Tartean dira fosil bat, estalaktita bat, harrizko aizkora bat eta pieza bakoitzarekin garai bakoitzaren argazkitxo bat eskaini eta gogoetak partekatzen ditut.



Urte hauetan aldaketarik egin al duzu emanaldian?

Ez. Emanaldia beti berdintsua da. Beharbada esaldiren bat aldatu, besteren bat sartu, kendu, baina ia-ia %100ean mantendu dut. Hizkuntzan egin dut aldaketa hori eta gaztelaniazko bertsioa sortu dut. Euskal Herrian bizi da jende bat euskaraz ez dakiena edo kanpotik etortzen dena gurera eta gure kultura esplikatzerakoan beraiek ulertzeko modua eskaintzea ere garrantzitsua iruditzen zait.

Eta zein inpresiorekin ateratzen da jendea?

Emanaldia bukatu ondoren oso hunkituta ateratzen dira batzuk behintzat. Badago guraso euskaldunak dituen jende bat kanpora joan behar izan duena bizitzera. Gogoan dut Bartzelonan egin nuen saio batean nola atera zen jendea hunkituta. Euren sustraietara lotzen zituen emanaldiak eta horrek ukitu egiten zituela sentitu nuen. Hori ikustea oso gauza polita da.

Plaza gizona zara. Jendearekiko tratu horretan gozatzen duzu?

Bai, noski. Horrenbeste urtean horrela ibili ondoren, zure bizitzaren zati bat bihurtzen da, zati garrantzitsua, gainera. Eta oholtza gainera igo, jendea aurrealdean eduki, denak zuri begira daudela ikusi eta hizketan hasi behar duzun momentua bakarra da. Oso gauza berezia da eta bizitu egin behar da jakiteko zer den.

Baliarrainen balioanitzeko gelan ariko zara. Emanaldirako toki aproposa da?

Bai, bai. Egin izan ditut saioak aretoetan eta plazetan ere bai. Gogoratzen dut iazko udan Arroa Behean egin nuela eta nahiko giro isila sortu zen, nahiko ongi moldatu nintzen. Behin entzulearen arreta bereganatuta erraza da hartu-emana egitea.

Harriaren bueltan daramazu bizitza osoa. Zertan zabiltza orain?

Oraintxe eskultura bat margotzen harrapatu nauzu. Garbi dut harria beti ondoan izango dudala nire bizitzan, ez bada modu batera bestera, baina harriarekin bizitu nahi dut. Peru Harri izeneko espazioa gauzatzen ari naiz, historia oso bat hartuko duen agertoki gisa, eta hori prestatzeari ordu asko ematen dizkiot. Gero Harria. Maitasun istorioa emanaldiarekin nabil eta deitzen didaten tokietara joaten naiz. Oholtzarekiko esperientzia hori ez dut eten eta Gasteizko Mulixka dantza taldearekin ere banabil Harria izeneko poesia eta dantza emanaldia eskaintzen. Tarteka jaialdietatik deitzen digute eta ordubeteko ekitaldi bat dugu prestatuta. Gauza horiek guztiek bizipoza ematen didate.

Nola animatuko zenuke jendea Baliarraingo emanaldira gerturatu dadin?

Harria zentzu zabal batean sumatu nahi baldin badute, aukera dutela, etortzeko. Nik asko eskertu diet gainera.

HARRIA MAITASUN ISTORIOA

 

Egilea: Iñaki Perurena.

Non: Bailarraingo balioanitzeko gelan.

Noiz: Gaur, ostirala, otsailak 11.

Ordua: 19:00.

Sarrera erosi beharko da, eta bost euro ordaindu beharko dira. Tabernan daude salgai. 12 urtez beherakoek ez dute sarrera ordaindu beharko, baina izena ematea beharrezkoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!