ELKARRIZKETA

«Gure abestiekin osatutako emanaldia izango da»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 13a, 11:59

Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallusek kontzertua eskainiko dute, igandean, Baliarrainen; 19:00etan hasiko da emanaldia, eta beharrezkoa da izena ematea.

Igandean Baliarrainen kontzertua eskainiko dute Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallusek. Osasun egoerara egokituz taldearen formatua aldatu dutela kontatu du Saioa Lizarralde azpeitiar trikitilariak, eta bikote moduan ari dira. Eserita izango da kontzertua, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Kontzertua ikusi nahi duenak mezu bat idatzi beharko du 669 712 740 (Amets) telefono zenbakira.

Noiz hasi zarete Maddalen Arzallus eta biok bikote moduan kontzertuak eskaintzen?

Bikote moduan aurten egin dugu lehen aldiz. Aristerrazun egin izan genuen, baina ez gara behin ere dedikatu gu biok emanaldiak edo erromeriak egitera. Gu gehiago talde moduan ibili izan gara. Orain egoera dagoen bezala egonda, egia da, gure abesti batzuk baditugunez formatu hau polita izan zitekeela eta horrela atera da.

Egoerak bultzatuta aldatu duzue beraz formatua?

Mendarotik deitu gintuzten eta gonbidapena egin ziguten bioi. Gu gogoarekin geunden, eta aitzakia bat zen biok elkartu eta egun batzuk pasatzeko. Elkartu eta kantaldi moduko emanaldia prestatu genuen.

Berrikuntza da, beraz.

Ez da ohikoa gu horrela ikustea ez. Baliarraingoa den Amets ezagutzen dugu, eta berak gure abesti batzuk ezagutzen ditu, eta hortik etorri zen gonbidapena. Kasualitatez dagoeneko beste kontzertua emana genuenez, eta prest dugunez gustura joango ginela esan genion.

Trikitia eta gitarra. Ez da bikote ohikoena.

Ez, baina guretzat berriz ez da horren arraroa. Egia da agian perkusio bat edo falta dugula, baina Aristerrazuko erromeriak ere beti horrela egin izan ditugu. Fandango eta arin-arinetan panderoa sartzen dugu, eta baltsa edo mexikar horietan beti gitarrarekin saiatu izan gara.

Zein kontzertu mota eskaintzen duzue?

Urte hauetan tokatu izan zaigu jaialdi batzuetan parte hartzea, eta jaialdi horietarako beti saiatu izan gara gure abesti propioak eskaintzen. Gero, horrela konturatu ginen kantu mordo bat ditugula geureak eta errepertorio majoa dugula; guk sortutakoak dira, musika edo melodia aldetik nik sortuta, eta gero Maddalenek letra jartzen die. Beraz, gure abestiekin osatutako emanaldia izango da. Berrikuntza hori izango da, besteetan, agian, kantu ezagunen artean sartzen ditugu gureak.

Erromeria jartzen du kartelean, baina eserita izango da.

Bai. Gu Baliarrainera urte dezentetan joan izan gara, eta lehengo batean Maddalenekin horixe hitz egiten nuen. Baliarrainen fandangoek eta arin-arinek estimazioa dute. Solteko abestiak jotzen genituenean jendea gerturatu egiten zen. Eta oraingoan... agian ezustekoren bat egongo da. Gu saiatuko gara jendeak gurekin parte hartu dezan, eta polita hori izango litzateke. Ea sortzen den kimika hori.

Herri dantzaria da Baliarrain.

Bai. Fandango eta arin-arin aldetik beste herri batzuetan ez dagoena Baliarrainen badago. Ezustekoak beti hartzen dira, eta agian, gure abestiak eserita entzuteko egokiagoak-eta dena izan daitezke.

Gustura joango zarete Baliarrainen jotzera?

Bai, bai. Egoera honengatik Maddalen eta biok gutxiago elkartzen gara, eta Baliarraingo emanaldiagatik elkartu egin gara eta momentu politak pasa ditugu. Eta egunean bertakoa ere momentu polit bat izango dela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!