'Lurretik zartagira' ekonomatoa zabaldu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 13a, 11:58

Baliarraingo Udalak ideiari forma eman dio herritarren parte hartzea bultzatuz, eta ekonomatoa zabaldu du udaletxe azpian hainbat ekoizleren produktuekin.

Baliarraingo Udalak ekonomatoa martxan jarri du udaletxe azpiko lokalean. Lurretik zartagira izena jarri diote proiektuari, eta helburua, besteak beste, bertako produktuak herrian bertan erosteko aukera izatea da.

COVID-19aren eragina dago udalak martxan jarri duen ekimenaren atzean: «Etxez etxeko banaketan hasi ginen pandemia garaian. Batetik, produktuak ezin saldurik zebiltzan produktoreei laguntzeko, eta bestetik herritarrak herritik ahalik eta gutxien mugitzeko». Horrez gain, «bertako produktuen alde teoriatik praktikara pasa nahi genuen», azpimarratu dute udaletik. Herrian beste zerbitzu bat jarri dute, eta honekin, bertako produktuak eskuragarri jarri dizkiete baliarraindar guztiei.



Ekonomatoa martxan jarri ahal izateko, parte hartze prozesu baten bidez herritarren ideiak jaso ditu udalak. Lokalean bertan galdera batzuk daude jarrita, eta herritarrek beraien ideia eta eskaerak idatzi dituzte bertan. Hortik tiraka udalak proiektua garatu du, eta forma eman dio ekonomatoari.

Herrikoia eta autogestionatua izatea nahi dute, eta era berean, antolaketa sinplea izango duena. Esaterako, urtean batzar bat egingo lukete. Eta erosketak egiterakoan norbera arduratsua izatea nahitaezkoa izango da.

Ekonomatoarekin, zuzeneko salmenta egingo dute. Honela, produktuei, %10a baino ez zaie aplikatuko. «Hainbat zentro komertzialetan baino prezio hobeak, herritarrentzat eta baita ekoizleentzat ere», nabarmendu dute udaletik.

Ilusioa da nabari dena udal ordezkarien artean. Udaletik herrira begira egin dute; «baina herritarrek kudeatu beharrekoa da, eta baita herriko bilakatu beharrekoa ere».

Dagoeneko ekonomatoak bete itxura du, baina oraindik ere Euskal Herrikoak diren produktuak sartzen ari dira. Xaboietatik hasi, eta jan-edanerako diren hainbat produktu daude erosteko: esnekiak, haragia, txokolatea, olioa, arrautzak, eztia, pasta, era guztietako kontserbak, kafea,... Granelean ere eskaintza zabaldu nahi dute hondakin gutxiago sortzeko. Eta hainbat produktu eskariaren arabera jasoko dituzte, barazkiak, kasu.

Ekonomatoak auzolana izango du oinarrian. Herritarrak bazkide egitea nahi dute, eta horrela, asteko zazpi egunetan 24 orduz izango dute erosketak egiteko aukera. Giltza izango lukete bazkide direnek. Bazkide bakoitzak helburua ekonomatoari urtean bost ordu eskaintzea izango da, irekita eduki ahal izateko. Bazkide egiten ez direnen kasuan, ostegunetan ordubetez izango dute irekita. Irekita dagoen unean «herri giroa» sortzen dela adierazi dute, eta herritarren arteko harremanak sendotzeko balio duela ikusi dute.

Zalantzaren bat duena ostegunetan gerturatu daiteke ekonomatora bertara edo udalarekin jar daiteke harremanetan.



TXIKITASUNETIK ERAGITEN

Garbi dute oso txikiak direla, baina era berean, txiki askok eginda eragin dezaketela gizartean. Egunero gutxienez hiru aldiz jaten dela azpimarratu dute, eta erosketa bakoitzarekin eragin daitekeela, eta udaletik herritarrengan ere eragin nahi dute.

Baserriari bultzada emango diote honela, eta horrek ordainetan landa eremuko paisaia mantentzea ahalbidetzen die. Gainera, bizi kalitatean du eragina eta baita kalitatezko produktuetan ere. Produktuak bertatik bertakoak dituztela eta, «honekin guztiarekin eman bai, baina jaso ere bai» egiten dutela azpimarratu dute.

Bi urterako herri apustua egin du udalak, eta Lurretik zartagira ekimenak bizirik jarraitzeko ezinbestekoa izango dute herritarren parte hartzea.

 

EKONOMATOA

Produktoreak

Larreta. Orendain, 10 km.

Xubero. Ikaztegieta, 4 km.

Urruzola. Alkiza, 20 km.

ON! zumuak. Zizurkil, 22 km.

Besabe. Legorreta, 5 km.

OnEin. Hernani, 30 km.

Candido Besa. Araba, 130 km.

Argaia Goena. Amezketa, 16 km

Olalde. Legorreta, 5 km.

Eguzkileire. Amezketa, 14 km.

Behieko. Olaberria, 15 km.

Aranburu. Zizurkil, 22 km.

Iturri. Nafarroa, 107 km.

*Produktu berriak sartzen ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!