Batzarrean jorratu dituzte herrira begirako gaiak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 17a, 07:58

Baliarraingo Udalak 238.300 euroko aurrekontua du; herri batzarra egin dute iazko urteari errepasoa egin eta aurrera begirako lan ildoak zehazteko.

Herri batzarra egin zuten igandean Baliarrainen. Egoera tarteko, batzarra elizan egitea erabaki zuten distantziak mantendu ahal izateko, eta herritarrek batzarrari eman zioten erantzunarekin «gustura» daude udal ordezkariak.

«Batzarraren aurretik etxe guztietara banatu genituen hitz egingo genituen puntu guztiak, eta denbora tarte bat utzi genuen norbaitek ekarpenen bat egin nahiko balu», azaldu du Jaione Olano alkateak. Baliarraingo Udalak onartua du aurtengorako 238.300 euroko aurrekontua.

Hasteko, iazko urtearen balantzea egin zuten. «Aurrekontua egiten da, baina gero urtean zehar aldaketak ematen dira lortzen diren diru laguntzen arabera, eta orduan hori azaldu genuen», argitu du. «Horrez gain, zenbat diru geratzen zaigun, eta aurtengoari begira zer aurreikusten dugun hitz egin genuen».

Iazko urtea COVID-19ak markatua izan da Baliarrainen ere, eta antolatuta zituzten kultur ekitaldiak bertan behera geratu zitzaizkien. «Ea egoera pixka bat normaltzen den, eta kultur ekimen batzuk behintzat egiten hasten garen», esan du Olanok.

Herri programa bat egina dute Baliarrainen zer nahiko luketen zehaztuz eta lehentasunak markatuz. Horri tiraka, partaidetza lan bat egin zuten herriko pertsona bat kontratatuz; «lan batzuk aurrera atera ditu, eta beste batzuk bukatzeko daudela esango genuke», dio alkateak.

Martxan jarria duten gauzetako bat herriko baserrien seinaleztapena da: «Gu baserrien izenekin ibiltzen gara, baina Google-n sartzen bazara baserrien izenak ez dira agertzen, baizik eta zenbakiak», esan du Olanok. Herrikoentzako ere beharrezko ikusten dute gune eta zenbaki horiek zehaztea, martxan jarria dute egitasmoa, eta seinale berriak jarriko dituzte guztia zehaztuz.

Garraio publikoaren erabileran ere indarra jarri nahi izan dute, eta berriz ere, etxez etxe ordutegiak eta telefonoak banatu dituzte erabilera nola den argituz. Gainera, udaletxean Mugi txartela kargatzeko datafonoa jartzea ere lortu dute.

Herria ezagutarazteko ibilbideak prestatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta garbituta eta seinaleztatuta jarri nahi dituzte: «Herriko aparkalekutik atera eta bertara itzultzeko moduko ibilbideak dira, eta honekin herriari eta tabernari bizi pixka bat eman nahi diogu».

Koronabirusak ekarritako ekimena martxan jarria dute Baliarrainen. Bertako produktuak herrira eramaten hasi ziren: «Beste leku askotan egin duten moduan, eskariak egin eta herrira ekarri eta banatzen ziren». Hortik, ideia borobildu nahi izan dute eta horretan ari direla dio: «Denda hitza ateratzen zaigu, baina puntu bat jarriko genuke produktu horiek ekartzeko, eta bertako produktuak ere baldin badaude bertan saltzen jarriko genituzke». Partaidetzako langilea lanean izan duten bitartean, ordu batzuz irekita eduki dute gunea: «Bertako produktuak eduki ditugu jarrita, eta herritarren erantzuna egokia izan dela ikusi dugu, baina orain forma bat eman nahi diogu. Eta hori interesa dutenekin bilera bat egin ostean egingo dugu».

Batzarrean jorratu zen beste puntuetako bat San Joan iturritik Altzaga aldera doan bidea izan zen. «Konpondu egin beharra daukagu, baina kezkak ditugu konpontze hori nola egin eta zein tratu eman bideari», argitu du. «Guztion iritziek ez dute bat egiten, eta batzarrean ere beste iritzi batzuk jaso ditugu. Aztertzen jarraituko dugu, eta ea guztiontzako onena den erabakia hartzen dugun», gaineratu du.

Bestalde, Mikel Prieto historialaria herriaren historia bilduko duen liburu bat egiten ari da, eta COVID-19ak bere lana oztopatu badu ere, aurrera doa proiektua.

ENERGIA ETA PARKEA

Aurrera begirako asmoen artean, eguzki panelak jarri nahi dituzte herriko argiteriaren kontsumoa hornitzeko. Dagoeneko informazioa jaso dute, eta gune publikoaz gain, etxe partikularretara informazioa zabaltzeko prest daude.

Denborak hondatu egiten ditu, eta haurtzaindegi atzean dagoen parkea egokitzeko asmoa dute, bai haurtzaindegiko umeek erabiltzeko, eta baita gainerako haur guztiei begira ere.

ETXEBIZITZAREN KEZKA

Batzarrean atera zen gaietako bat izan zen etxebizitzarena. 18 urtetik beherako 40 bat gazte eta haur dituzte Baliarrainen. «Gazte horiek herrian geratzeko nahia badago, jada pentsatzen hasi beharra daukagu», esan du Olanok. Lur batzuk begiratzen hasita daudela aurreratu du, baina zalantzak ere badituzte: «Orain artean egin diren etxe motarekin, eta gaur egun bizi den egoerarekin, kostu horiei aurre egiteko aukerarik izango ote duten gazteek edota horrelako etxeak nahiko ote diren... gaia potoloa da, kezka hor dago, baina gaia mahai gainean dugu». Herrigunea nahiko betea dutela argitu du, baina bai beheko aldea eta baita goiko zatia ere, baserriez osatuak direla eta, «hutsune izan daitezke» edo «arinago» daudela adierazi du.

ERRETORETXEA

Bere garaian, Baliarraingo Udalak, Ostatua egiteko Gotzaindegiari erosi zion eraikina. Gaur egun, udalarenak diren Ostatua eta aterpetxea daude alde batetik, eta elizarena den etxebizitza bat dago, bestetik. Beraz, eraikin osoa ez da udalarena, eta hori bereganatzea dute helburu: «Aurreko legegintzaldian, Gotzaindegira proposamen bat bidali zuten truke bat egiteko, hau da, erretoretxeko etxebizitzaren balioa duen etxebizitza bat egokituko luke udalak, elizako aldean zuten elkarte zaharrean». Baina, bere garaian, Gotzaindegiak ez zuela aintzakotzat hartu esan du gaur egungo alkateak. «Guk ikusten dugu aterpetxeak dagoen moduan ez duela funtzionatzen, eta udalak hor zerbait egitekotan, egokiena eraikin guztia udalarena izatea ikusten dugu».

Gotzaindegiak eskatu moduan tasatu dute erretoretxeko etxea, baina batzarrera gerturatutakoen artean ere nagusitu zen ideiari eutsiz, eraikina udalarena izan dadin trukea egiten ahaleginduko dira, eta udalak ordaindu behar badu, «dirua herrian geratzen da».

IBIURREN BUELTAKOAK

Ibiur urtegiko lanek oraindik zer esana ematen jarraitzen dute, hitzartutako lan guztiak amaitu gabe dituelako Espainiako Gobernuak. Alde batetik, herriko saneamenduaren zati bat amaitzea falta da, eta bestetik, Ibiurko itzuli perimetrala errepidera atera beharrik izan gabe egiteko zatia bukatu beharko lukete; gainera, San Joanera doan bidean txukunketa lanak egin beharko lituzkete. «Bere garaian guzti hori hitzartuta geratu zen Madrilgo gobernuarekin, eta era batera edo bestera, beti atzeratzen joan dira lan horiek», azaldu du Olanok.

Baina badituzte berriak, eta antza, ez dira txarrak: «Pausoz pauso onartzen ari diren bezala esan digute proiektua nahiko aurrera doala, eta bere pausoak ematen ari dela. Nahikoa itxura ona duela, baina gauza horiek azkenean luze jotzen dute».

ZENBAKITAN

SARRERAK                      EUROAK

Zergak eta tasak                        37.900

Foru Funtsa                             190.097

Ondarea                                       5.503

Laguntzak                                   4.800

GASTUAK                          EUROAK

Pertsonal gastuak                     83.353

Ohiko gastuak                           60.384

Beste erakundeei                      45.185

Inbertsioak                                49.378

GUZTIRA                                 238.300

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!