Zartagi ostatuan gastatzeko bonuak atera ditu Baliarraingo Udalak

Ataria 2021eko urtarrilaren 27a

Herriko Zartagi ostatuari babesa emateko helburuarekin Baliarraingo Udalak 20 euroko bonuak jarri ditu herritarrentzat. 10 euro ordaindu, eta 20 euro gastatzeko aukera izango dute otsailean zehar. 

Koronabirusak sortutako pandemia egoera ia urtebetera luzatzen ari da. Kasu honetan, lanera ez bada herritik atera ezin dela kontuan hartuta, Baliarraingo Udalak herriko ostalaritza babestu nahi izan du herritarrei begirako bonuak salgai jarriz. 

Ostalaritza da sektore kolpatuetako bat, eta herriko jatetxea babestu asmoz, 20 euroko bonuak jarri ditu herritarren eskura. Herritarrak herrian kontsumitzera animatu nahi dituzte. Udaletxean erosi beharko dira txartelak, eta herritar guzti-guztiek dute erosteko aukera. Hori bai, bakoitzak gehienez ere, bi txartel erosi ahal izango ditu bakoitza 10 euro ordainduta. Ordainetan, udalak beste 10 euro jarriko ditu, eta beraz, 20 euro izango ditu jatetxeko otorduetan gastatzeko. 

Jatetxean bertan bazkaltzeko edo afaria etxera eramateko balio dute txartelek. Aldez aurretik erreserba egitea nahitaezkoa izango da, eta bi telefono zenbaki jarri dituzte eskaerak egiteko: 655 889 299 edo 943 32 58 12.

Otsailaren 28a bitarte balioa txartelek. Txartelak pertsonalak izango dira, eta baldintzen artean horixe jarri dute: "Norberak gozatu beharko du bere txartela, ezingo da beste pertsona bati eman".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!